EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2018248

AGINDUA, 2018ko abenduaren 12koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena; honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan aurreikusitako 2019ko deialdia egiten da.

Xedapenaren data: 2018-12-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201806353
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/12/18an argitaratutako 2012/12/04ko 201200271 DEKRETUA

Agindu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan bilduta dauden aurreikuspenak bete eta garatuko dira 2019an. Orokorrean hartuta, agindu honetan ez dira errepikatuko adierazitako dekretuko edukiak, baina diru-laguntzen deialdi horretara aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu beharko dituzte eduki horiek.
Dekretu horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen babesean, esku-hartze sozialaren jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitate guztien autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babesteko eta sustatzeko jarduerak dira.
Aipatutako dekretuaren arabera, halaber, sustatze-lan horretan Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bere berariazko erantzukizuneko ikuspegiak eta zeharkako politikak hartu behar ditu kontuan batez ere, hala nola gizarteratzearekin, familiarekin, haurrekin eta nerabeekin, immigrazioarekin, dibertsitate eta askatasun afektibo eta sexualarekin lotuta daudenak, baita desgaitasunarekin eta mendekotasunarekin, adinekoekin eta, bereziki, genero-berdintasunarekin lotuta daudenak ere.
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko Legeak, 6/2016 Legeak, honako hau aitortzen du: «Gizarte-arloko ekimeneko eta esku-hartzeko erakundeak euskal gizartearen funtsezko aktibo bat dira, eta haien ekarpena ezinbestekoa da gizarte zuzen eta solidario, berdintasunezko eta kohesionatu, demokratiko eta parte-hartzailea eraikitzeko, bai eta gizarte-beharrei modu egokiagoan (integrala, hurbilekoa, pertsonalizatua, parte-hartzailea) erantzuteko ere, sektoreen arteko lankidetzaren bidez eta pertsonen beraien, familien, kolektiboen edo komunitate hartzaileen parte-hartzearekin».
Agindu hori 2019. urterako diru-laguntzen plan estrategikoan jasota dago, zeina Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak onartu baitzuen 2018ko azaroaren 16ko agindu bidez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean (zehazki, 8.1 artikuluan) bildutako aurreikuspenak betez.
Dekretu horrek Eusko Jaurlaritzari laguntzen dio irabazi-asmorik gabeko erakundeek gauzatzen dituzten esku-hartze sozialeko jarduerak sustatzen, bereziki lurraldez gaindiko eremukoak direnak, hau da, Euskal Autonomia Erkidego osoan gauzatzen direnak.
Agindu honetan garatzen diren eta aipatu dekretu horretan aurreikusita dauden diruz laguntzeko lerroak hauek dira:
1.– Esku-hartze sozialeko jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitateekin.
2.– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak.
3.– Esku-hartze sozialerako jakintzaren kudeaketa-jarduerak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruz Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak 2007ko apirilaren 26an emandako aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, kreditu egokia eta nahikoa izan behar da EAEko 2019rako aurrekontu orokorretan agindu honen deiaren xede diren diru-laguntzak emateko.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena den urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, erakunde interesdunek telematikoki egin beharko dituzte laguntza-programa horretarako izapide guztiak.
Azaldutako guztiarengatik, hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK
1. artikulua: Xedea.
1.– Agindu honen xedea esku-hartze sozialeko eremuan gauzatzen diren jarduerak gauzatzeko diru-laguntzetarako 2019ko deialdia egitea da. Jarduera horiek pertsonen, familien eta taldeen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babestera eta sustatzera bideratuta daude, bereziki honako gai hauetan biltzen badira edo horiei buruzkoak badira:
a) Gizarte-zerbitzuak.
b) Gizarteratzea.
c) Familien laguntza, sustapena eta babesa.
d) Haurrak eta nerabeak zaintzea eta babestea.
e) Etorkinen gizarteratzea eta, orokorrean, kulturartekotasuna, salbu eta gai juridikoetan babesari dagokionez.
f) Adinekoak zaintzea eta babestea.
g) Mendekotasun-egoeran eta, orokorrean, desgaitasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea eta babestea.
h) Askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 1.4 artikuluan ezarritako ondorioetarako, laguntza jasotzen duten jarduerek egokitu beharko dute esku-hartze sozialaren esparruarekin zerikusia duten arauetan eta plangintza estrategikoan jasotako printzipio eta jarraibideetara, batez ere honako hauetan jasotzen direnetara:
a) 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
b) 18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzekoari eta Diru Sarrerak Bermatzeari buruzkoa.
c) 13/2008 legea, abenduaren 12koa, Familiei laguntzekoa.
d) 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeari eta Babesteari buruzkoa.
e) 17/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, Boluntariotzari buruzkoa.
3.– Kanpoan geratuko dira honako helburu hauek dituzten jarduerak:
a) Emakumeen aurkako indarkeriari lotutako sentsibilizazio- eta prebentzio-arloko jarduerak, badaudelako emakumeentzako laguntza-deialdi bereziak. Finantzagarriak izango dira emakumeen aurkako indarkeriaren biktimekiko esku-hartze soziala xede nagusia duten jarduerak.
b) Erakunde eskatzailea hobetzea, soilik edo nagusiki erakunde eskatzaileari zuzendutako jardueren bitartez, hala nola bere langileen edo boluntarioen prestakuntzaren bitartez, edo erakundeen kudeaketari eta ildo estrategikoei buruzko hausnarketa-prozesuen bitartez.
4.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Gizarte Zerbitzuen zuzendariari dagokio diruz laguntzeko hiru lerroetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea. Diru-laguntzen onarpen- edo ukapen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 13. artikuluan jasotako Balioespen Batzordeak egingo du.
5.– Jarduerak gauzatzeko epea 2019ko ekitaldia da.
2. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.
1.– Erakunde interesdunek prozedura honetako izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte honako hauek kontuan hartuta: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; Ebazpena, 2006ko otsailaren 9koa, Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzeko dena; eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
2.– Bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean eskura daitezke:
– Esku-hartze sozialeko jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitateekin: http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/giz_2019/y22-izapide/es
– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak.
Http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/elk2019/y22-izapide/es
– Esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jarduerak: http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/jak_2019/y22-izapide/es
3.– Espedientean sartzeko eta eskaeraren ondoko izapideak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/
4.– Eskaera edo izapidea banakako ziurtagiri elektroniko bidez egiten bada, erakundearen legezko ordezkariarena izan zein ez, beharrezkoa da pertsona hori erakundearen ordezkari moduan izena emanda egotea Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/egoitza_ordezkarien_erregistro/es_egoitza/egoitza_representantes.html
5.– Jakinarazpenak elektronikoki egingo zaizkie erakunde interesdunei, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.
6.– Edukia eskuratzen denean egindakotzat joko da jakinarazpena. Jakinarazpena eskuragarri jarri eta hamar egun natural igarotzen badira haren edukia eskuratu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta izapidea egindakotzat, prozedurari jarraituta.
7.– Aurrekoa baztertu gabe, organo kudeatzaileak SMS mezuak edo posta elektronikoak erabiliz egindako jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango ditu interesdunek eskaeran adierazitako sakelako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ere ez dira jakinarazpentzat hartuko.
3. artikulua.– Epea, eskaeren aurkezpena eta egiaztagirien ekarpena eta dokumentazioa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabetekoa izango da.
2.– Eskabidea egiteko, honako helbide hauetan sartu beharko da Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean:
– Esku-hartze sozialeko jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitateekin: http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/giz_2019/y22-izapide/es
– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak.
Http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/elk2019/y22-izapide/es
– Esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jarduerak: http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/jak_2019/y22-izapide/es
3.– Eskaera-eredua agindu honetako I. eranskinean jasota dago.
4.– Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, bai eta eskabidearekin batera aurkezten duten dokumentazioa ere. Orobat, laguntza-eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
5.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak zuzenean lor dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen direlako egiaztapena ziurtagiri telematikoen bidez, eta, kasu horretan, eskatzaileak ez du aurkeztu behar izango ziurtagiri egokia. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du onarpena, eta, orduan, ziurtagiri egokiak aurkeztu beharko ditu.
6.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuta, eskaeran bildutako erantzukizunpeko adierazpen bidez, honako hauek egiaztatuko dira:
a) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
b) Erakunde eskatzailea ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta berorren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan.
c) Pertsona edo erakunde eskatzailea ez dagoela administrazio- edo zigor-arloan zigortuta diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, edo ez dagoela horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekuren eraginpean.
d) Erakunde eskatzailea egunean dago zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari dagokionez, baita diru-laguntzen itzulketaren ondoriozko betebeharren ordainketan ere.
e) Betetzea Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuan xedatua, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarrita baitago.
f) Ez egotea sartuta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan diru-laguntzen onuraduna izatea lortzeko jasotako ezein inguruabarretan.
7.– Erakunde eskatzaileak bermatu egingo du betetzen duela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. idatz-zatian xedatua, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarrita baitago. Hau da, adingabeekin harremana izan ohi duten langile guztiek, bai kontratatuek bai boluntarioek, sexu-gaizkileen erregistro orokorraren ziurtagiri negatiboa izango dute.
8.– Halaber, erakunde eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
4. artikulua.– Dokumentazioa.
Agiri hauek aurkeztu beharko dira diru-laguntzaren eskabidearekin batera:
a) Erakundearen gastuen eta diru-sarreren balantzea 2018an.
b) Erakunde eskatzailea ez badago inskribatuta Gizarte Segurantzaren sisteman, Gizarte Segurantzarekiko edo Gizarte Segurantzaren ordezko sistemekiko betebeharrak egunean dituelako erantzukizunpeko adierazpena.
5. artikulua.– Eskaera zuzentzea.
Eskaera kudeatzeko ardura duen zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera baloratzeko.
6. artikulua.– Diruz laguntzeko lerroen arteko lekualdaketa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren garapenean deitutako laguntzen esparruan, berariazko koordinazio-mekanismoak antolatuko dira eskabideak oker aurkeztu diren kasuetarako, eskabidearen xedeak diru-laguntzarenarekin bat egiten ez duelako.
Alde horretatik, eskaera aurkeztu zaion lerroa kudeatzen duen organoak uste badu eskaeraren xedea ez datorrela bat lerro horrekin, baina lekua duela agindu honetan (zeina administrazio-ebazpenaren aurreko fasean baitago) aurreikusitako beste laguntza-lerro batean, daukan xedearen ikuspuntutik egokiagotzat jotzen duen beste laguntza-lerro batean sartzea erabaki ahal izango du. Eskaera hasieran aurkeztu zitzaion lerroen zuzendaritza kudeatzaileak eskaera azkenean egokituko den laguntza-lerroaren zuzendaritza kudeatzaileari helaraziko dio.
2.– Erakunde eskatzaileari aurreko paragrafoan aipatutako bidalketa jakinaraziko zaio, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, jakinarazpena jaso eta hamar egun naturaleko epean. Epe hori igaro bada, eta erakunde eskatzaileak aurka egin ez badu, lerroaren lekualdaketa onartutzat hartuko da.
7. artikulua.– Diruz ezin lagundu daitezkeen gastuak.
Honako hauek ezingo dira diruz lagundu: festetako, ekitaldietako eta askotariko aurkezpenetako janari- eta edari-gastuak, baita bazkideentzat, langileentzat eta/edo boluntarioentzat prestatutako edozein ospakizun edo oturuntza ere.
8. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa, eta frogagiriak aurkezteko modua eta epea.
1.– a) Emandako diru-laguntza zatika emango da, bi igorpenen bidez. Lehena aurrez emango da, emandako diru-laguntzaren % 70 izango da, eta abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 12.a) artikuluan adierazitako epea igaro ondoren gauzatuko da, tartean ukorik izan gabe. Bigarrena, 2020an, diruz lagundutako jarduera amaitu ondoren, artikulu honetan eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoan.
b) Ez da ordainketarik egingo onuraduna egunean ez badago zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, edo zorduna bada itzulketa bidezkoa dela adierazteko ebazpen bidez.
c) Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroan agertu beharko du.
Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
2.– Frogagiriak aurkezteko epea 2020ko otsailaren 28an amaituko da.
3.– Erakunde onuradunek behar bezala eta guztiz beteta aurkeztu beharko dituzte agindu honetako II-A eranskina (jardueraren memoria) eta II-B eranskina (jardueraren memoria ekonomikoa). Inprimaki horiek Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean daude:
– Esku-hartze sozialeko jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitateekin: http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/giz_2019/y22-izapide/es
– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak: http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/elk2019/y22-izapide/es
– Esku-hartze sozialean jakintza kudeatzeko jarduerak: http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/jak_2019/y22-izapide/es
II-B eranskinean justifikazioko kontua jasotzen da; hau da, gastua –Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak emandako zenbatekoaren parekoa– egiaztatzen duten dokumentu guztiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen bat (dokumentuaren nondik norakoa, identifikazioa, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egozten zaion ehunekoa jasota).
4.– II-A eranskina, II-B eranskina eta gehitzen zaien dokumentazioa elektronikoki jaso beharko dira kasuan kasuko espedientean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nire karpeta.
5.– Emandako laguntzaren kontura egindako gastuak diruz lagundutako jarduerak egikaritzeari lotuta egongo dira nahitaez. Gastu horiek justifikatzeko ondoren azalduko ditugun dokumentuak hartuko dira baliozkotzat, eta dokumentu horiek dagokien datatik aurrera gutxienez bost urtez gorde eta eskura eduki beharko ditu erakundeak. Aipatutako dokumentuak honako hauek dira:
a) Erakunde onuradunaren izenean emandako faktura bidez justifikatuak. Baliagarria izateko, faktura orok 2019koa beharko du izan.
Arauarekiko salbuespenak –fakturaziorik gabeko eragiketak; hartzailearen identifikazio-datuak fakturan biltzea nahitaezkoa ez izatea; jasanarazitako zerga-kuota eta aplikaturiko zerga-tasa fakturan propio jaso behar ez izatea; fakturak txartel zenbakituen taloitegiekin edo, halakorik ez bada, makina erregistratzaileek emandako txartelekin ordezkatzea; eta abar– fakturazio-betebeharrak arautzen dituzten foru-dekretuetan bildutakoak dira, edo, halakorik ezean, azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuan.
b) Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatuak, betiere finantza-erakundeek igorri eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.
c) Langileei dagozkien gastuei dagokienez, eredu ofizialaren eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberako soldata-ordainagirien originalen bitartez egiaztatzen direnak.
d) Enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egindako eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordaindu behar ez duten noizbehinkako lanen kasuan, gastuaren erakunde onuradun igorlearen ordezkariak sinatutako idazki bidez justifikatuko dira gastuak. Honako datu hauek bildu beharko ditu gutxienez idazki horrek: igorlearen eta hartzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren eta haren zenbateko osoaren deskribapena; hartzailearen «jaso izana» eta sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekiko atxikipena –PFEZ–.
e) Langile boluntarioen kasuan, boluntarioen asegurua diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat har daiteke agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen xede diren eta boluntarioen laguntza duten jardueren esparruan. Finantzatu beharreko boluntarioen asegurua bi polizak osatuko dute nahitaez. Bata istripu-poliza izango da, eta bestea erantzukizun zibilekoa, eta azken horren kasuan, aseguratutako kapitala 300.506,05 eurokoa izango da gutxienez, ezbehar eta aseguruaren urteko kuota bakoitzeko, polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, justifikazio-kontuan aseguru-entitateak edo aseguru-hartzaileak emandako ziurtagiria aipatuko da. Kontu horretan, erakundeak bere boluntarioen alde kontratatu dituen aseguru-polizen estaldurei buruzko datuak egiaztatuko dira gutxienez, eta aseguratutako pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa zehaztuko dira.
f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko emandako maileguaren zenbatekoa eta xedea ez ezik, lehen ordainketaren datara arte ordaindutako interesak ere justifikatzen dituen banku-dokumentua, baldin eta diru-laguntza hauek arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.
6.– Diru-laguntza behar bezala erabili dela egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastu-frogagiriak, diruz lagundutako proiektuen % 10ari dagokionez behintzat, laguntza eman eta ondorengo bost urteetan egiaztatuko dira, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko gainerako ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak alde batera utzi gabe.
9. artikulua.– Eskabideak balioestea.
1.– 50 puntu edo gehiago lortu dituzten jarduerak bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.
2.– Laguntzen zenbatekoa abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 14.3 artikuluan xedatutako bi banaketa-faseen bidez zehaztu behar bada, honako hau izango da banaketa aldagarria egiteko faseari dagokion zenbatekoa zehazteko formula:
S = CMS x (P-20)/100
Non:
S = Fase horretan jarduera bakoitzari dagokion zenbatekoa baita.
CMS = Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa.
P = Balioespen Batzordeak jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.
3.– Eman beharreko diru-laguntzen zenbateko osoak balia daitekeen aurrekontu-kreditua gainditzen badu, hainbanaketa egokia aplikatuko zaie erakunde onuradun guztiei, balioespen-irizpideak aplikatuta lortutako puntuazioaren arabera.
II. KAPITULUA
PERTSONEKIN, FAMILIEKIN, TALDEEKIN ETA KOMUNITATEEKIN GAUZATU BEHAR DIREN ESKU-HARTZE SOZIALEKO JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK
10. artikulua.– Xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.2 artikuluaren arabera, diru-laguntza lerro honetan pertsona, familia, talde eta komunitateekiko esku-hartze sozialeko jarduerek jaso ahal izango dute finantziazioa, hau da, pertsonen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatu eta babesteko jarduerek, eta batez ere esperimentazioa edo berrikuntza dakartenek.
11. artikulua.– Aurrekontu-kreditua, zenbatekoa eta diru-laguntzen mugak.
1.– Ondorio horietarako, diru-laguntza lerro honetako jarduerak finantzatzeko, 3.743.480 euroko kreditu bat dago aurreikusita 2019rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuan; zenbateko horretatik, 2.620.436 euro 2019rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.123.044 euro, berriz, 2020. urterako konpromiso-kredituari.
2.– Diru-laguntza lerro horretan, ezin izango da 210.000 eurotik gorako laguntzarik eman, beti bakarka kontuan hartuta.
3.– Ezin izango da emandako laguntzaren % 10 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Zeharkako kostutzat hartzen dira erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei dagozkienak barne, baldin eta, jarduera jakin bati zuzenean egotzi ahal izan ez arren, beharrezkoak badira diruz lagundutako jarduera egin ahal izateko.
4.– Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 5 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.
12. artikulua.– Balioespen-irizpideak.
Diru-laguntza lerro horretan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraikiz, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraikiz, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:
a) Kalitate teknikoa: proposamenaren diseinua eta egokitasuna, bideragarritasuna, ebaluagarritasuna eta berritzaile izatea: 20 puntu.
b) Esku-hartze eta/edo garrantzi txikiko esparru batekoa izatea, nola jarduerak erantzuna eman nahi dion egoera, hala jardueraren helburuak, kontuan hartuta zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradun den pertsona kopurua: 15 puntura arte.
c) Familia- eta komunitate-ikuspegia aplikatzeko merezimendu bereziak, familia- eta komunitate-harremanen mesedetan izatea, familia- eta lan-bizitza bateragarri egitea, gurasotasun positiboa, etxeko eta komunitateko zaintza-eredu berriak eta esku-hartzearen xede diren pertsonek parte-hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 10 puntura arte.
d) Koordinazioa esku-hartze sozialaren esparruaren eta beste esparru batzuen artean (adibidez, hezkuntza-arloko esku-hartzea, osasun-arlokoa, enpleguari dagokiona): 5 puntu esparru bakoitzeko, 10 puntura arte.
e) Jardueraren lurraldez gaindiko eremua edo eskala, ulertuta hori zenbait lurralde historikotako erakundeen jardueran benetan parte hartzea dela:
* Bi lurraldetan parte hartzea: 10 puntu.
* Hiru lurraldetan parte hartzea: 15 puntu.
f) Jarduera Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta jarduera horren zentzua: 2 puntu gehigarrizko esparru bakoitzeko, 10 puntura arte.
g) Zenbait erakundek edo zenbait erakunde kide dituen sare edo federazio batek jarduera egitea elkarlanean: 5 puntura arte.
h) Erakundeak onura publikoaren deklarazioa izatea: 2 puntu; eta interes sozialaren deklarazioa izatea: 3 puntu.
i) Proiektua genero-ikuspegitik planifikatzen, garatzen eta ebaluatzen da: 5 puntu.
j) Erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen jardueraren edo ekimenaren ehunekoa: 5 puntura arte.
Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 10 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.
III. KAPITULUA
ESKU-HARTZE SOZIALEAN EKINTZA BOLUNTARIOA ETA PARTAIDETZA ASOZIATIBOA INDARTZEKO JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK
13. artikulua: Xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.3 artikuluaren arabera, diru-laguntza lerro horretan honako jarduera hauek jaso ahal izango dute finantziazioa: ekintza boluntarioa areagotzera, esku-hartze sozialaren esparruan partaidetza asoziatiboa garatzera, eta, bereziki, esku-hartze soziala gauzatzen duten erakundeak, sareak edo nagusiki autonomia-eremuko federazioak eraikitzera eta hobetzera bideratutako jarduerek.
14. artikulua.– Aurrekontu-kreditua, zenbatekoa eta diru-laguntzen mugak.
1.– Ondorio horietarako, diru-laguntza lerro honetako jarduerak finantzatzeko, 599.000 euroko kreditu bat dago aurreikusita 2019rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuan; zenbateko horretatik, 419.300 euro 2019rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 179.700 euro, berriz, 2020. urterako konpromiso-kredituari.
2.– Diru-laguntza lerro horretan, ezin izango da 35.000 eurotik gorako laguntzarik eman, beti bakarka kontuan hartuta.
3.– Ezin izango da emandako laguntzaren % 15 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Zeharkako kostutzat hartzen dira erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei dagozkienak barne; baina gastu horiek jarduera jakin bati zuzenean egotzi ezin zaizkion arren, nahitaezkoak dira diruz lagundutako jarduera egin ahal izateko.
4.– Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.
15. artikulua.– Balioespen-irizpideak.
Diru-laguntza lerro horretan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraikiz, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraikiz, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:
a) Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna barnean hartuta: 25 puntura arte.
b) Esku-hartze eta/edo garrantzi txikiko esparru batekoa izatea, nola jarduerak erantzuna eman nahi dion egoera, hala jardueraren helburuak, kontuan hartuta zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradun den pertsona kopurua: 15 puntura arte.
c) Zenbait erakundek edo zenbait erakunde kide dituen sare edo federazio batek jarduera egitea elkarlanean: 10 puntu.
d) Erakundeak onura publikoaren deklarazioa izatea: 2 puntu; eta interes sozialaren deklarazioa izatea: 3 puntu.
e) Jardueraren lurraldez gaindiko eremua edo eskala, ulertuta hori zenbait lurralde historikotako erakundeen jardueran benetan parte hartzea dela (jardueretan lurralde historiko bat baino gehiagoko erakundeek ustekabean parte hartzeko aukera hutsak ez du esan nahi lurraldez gaindikoak direnik):
* Bi lurraldetan parte hartzea: 10 puntu.
* Hiru lurraldetan parte hartzea: 15 puntu.
f) Jardueran borondatezko ekintzaren eta elkarrekiko laguntzaren berezko balio erantsiak sartzea: 5 puntura arte.
g) Esku-hartzearen xede diren pertsonek jardueraren diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea: 5 puntura arte.
h) Jarduera Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta jarduera horren zentzua: 2 puntu gehigarrizko esparru bakoitzeko, 10 puntura arte.
i) Proiektua genero-ikuspegitik planifikatzen, garatzen eta ebaluatzen da: 5 puntu
j) Erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen jardueraren edo ekimenaren ehunekoa: 5 puntura arte.
Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 12,5 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.
IV. KAPITULUA
ESKU-HARTZE SOZIALERAKO JAKINTZA KUDEATZEKO JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK
16. artikulua.– Xedea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.4 artikuluaren arabera, diru-laguntza lerro horretan esku-hartze sozialerako jakintza baliagarria ekoitzi eta lortzeko jarduerek jaso ahal izango dute finantziazioa; besteak beste: prestakuntza-programek; ikerketa-proiektuek; argitalpenak egin eta zabaltzeak; dokumentazioarekin zerikusia duten jarduerek; eta ikastaroek, mintegiek eta gisako ekitaldi teknikoek.
17. artikulua.– Aurrekontu-kreditua, zenbatekoa eta diru-laguntzen mugak.
1.– Ondorio horietarako, diru-laguntza lerro honetako jarduerak finantzatzeko, 450.000 euroko kreditu bat dago aurreikusita 2019rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuan; zenbateko horretatik, 315.000 euro 2019rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 135.000 euro, berriz, 2020. urterako konpromiso-kredituari.
2.– Diru-laguntza lerro horretan, ezin izango da 22.200 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.
3.– Ezin izango da emandako laguntzaren % 10 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Zeharkako kostutzat hartzen dira erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei dagozkienak barne, baldin eta, jarduera jakin bati zuzenean egotzi ahal izan ez arren, beharrezkoak badira diruz lagundutako jarduera egin ahal izateko.
4.– Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.
18. artikulua.– Balioespen-irizpideak.
Diru-laguntza lerro horretan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraikiz, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraikiz, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:
a) Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, diseinuaren egokitasuna bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna barne, baita irakasleen, txostengileen eta/edo ikertzaileen prestakuntza ere: 20 puntura arte.
b) Aurkeztutako gaia eta/edo proiektua berritzailea izatea: 20 puntura arte.
c) Jardueraren hartzaile izan daitezkeen pertsonen kopurua: 5 puntura arte.
d) Jardueran landutako gaiak zer ekarpen egiten duen esku-hartze sozialaren esparruaren egituraketan, baita, bereziki, zer ekarpen egiten duen ere Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako eragileez eta tresnez den bezainbatean (zorroa, kontzertua, dekretua, mapa): 10 puntura arte.
e) Jardueraren lurraldez gaindiko eremua edo eskala, ulertuta hori zenbait lurralde historikotako erakundeen jardueran benetan parte hartzea dela (jardueretan lurralde historiko bat baino gehiagoko erakundeek ustekabean parte hartzeko aukera hutsak ez du esan nahi lurraldez gaindikoak direnik):
* Bi lurraldetan parte hartzea: 10 puntu.
* Hiru lurraldetan parte hartzea: 15 puntu.
f) Jarduera Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta jarduera horren zentzua: 2 puntu gehigarrizko esparru bakoitzeko, 10 puntura arte.
g) Zenbait erakundek edo zenbait erakunde kide dituen sare edo federazio batek jarduera egitea elkarlanean: 5 puntura arte.
h) Erakundeak onura publikoaren deklarazioa izatea: 2 puntu; eta interes sozialaren deklarazioa izatea: 3 puntu.
i) Proiektua genero-ikuspegitik planifikatzen, garatzen eta ebaluatzen da: 5 puntu.
j) Erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen jardueraren edo ekimenaren ehunekoa: 5 puntura arte.
Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 10 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, agindu honetako laguntzen ebazpena emateko Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan xedatuaz gain, agindu honetan aipatutako diru-laguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legean; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan; eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Aginduaren aurka erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa ezar dezakete Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Aretoan, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 12a.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.
I. ERANSKINA
DIRU-LAGUNTZEN ESKABIDE-EREDUA
II-A ERANSKINA
DIRUZ LAGUNDUTAKO JARDUERAREN MEMORIA
II-B ERANSKINA
JARDUERAREN MEMORIA EKONOMIKOA