EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018211

EBAZPENA, 2018ko urriaren 23koa, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiarena, «Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko proiektua. 2. fasea. Abetxuko-Gamarra arteko jarduerak » jendaurrean jartzeko izapidea ebatzi eta behin betiko onespena ematen diona.

Organo emailea: URAREN EUSKAL AGENTZIA
Xedapenaren data: 2018-10-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201805404
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/03/07an argitaratutako 2018/02/16ko IRAGARPENA [201801263]

Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak 2018ko otsailaren 16an emandako Ebazpenaren bitartez, «Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko proiektua. 2. fasea. Abetxuko-Gamarra arteko jarduerak» proiektuari hasierako onespena eman zitzaion, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterketarekin batera, eta jendaurreko kontsultan jarri zen.
Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2018ko martxoaren 7an. Behin jendaurrean jartzeko epea bukatuta, 3 alegazio aurkeztu dira, eta, halaber, 5 erantzun eman zaizkie eragindako Administrazioei egin zaizkien kontsultei. Uraren Euskal Agentziak eman ditu erantzun horiek guztiak.
Ondorioz, proiektuan honako aldaketa hauek egin dira:
– Harri-lubetaren zati bat kentzea, eta, horren ordez, boloak jartzea ibai-ohean, ezinbestekoa den puntuetan.
– Proiektuaren eranskinen artean Landareztatzeko Proiektua sartzea.
– Inpaktu akustikoari buruzko analisia sartzea Ingurumen Eraginaren azterketan, bai lan fasean eta bai ustiapen fasean.
Ingurumenaren Administrazioaren zuzendariak 2018ko urriaren 16an emandako Ebazpenaren bitartez, proiektu horren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egin da.
Halaber, proiektua aztertu da eta haren aldeko txostena emanda dago; egiaztatu da, gainera, teknikoki zuzena dela eta alorreko legedi berezia betetzen duela, bai eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuko 123. artikulua eta indarrean dauden bestelako legezko xedapenak.
Zuzendari nagusiari dagokio proiektu honen onespena, Administrazio Kontseiluak 2010eko ekainaren 29ko saioan emandako eginkizunen eskuordetzea betez –Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeko 13 f) artikuluari jarraituz erabaki zen eskuordetze hori–, lege bereko 15 m) artikuluaren eta Agentziako 7.2 ñ) artikuluaren arabera.
Hori aintzat harturik, proiektua jendaurrean jartzeko izapidea ebatzi beharra dago, eta behin betiko onespena eman behar zaio.
Horiek horrela, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehena: «Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko proiektua. 2. fasea. Abetxuko-Gamarra arteko jarduerak » jendaurrean jartzeko izapidea ebaztea.
Bigarrena.– Behin betiko onestea «Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko proiektua. 2. fasea. Abetxuko-Gamarra arteko jarduerak», kontratarako aurrekontua hau dela: hiru milioi lau mila eta berrogeita hemeretzi euro eta berrogeita hamar zentimo (3.004.059,50), BEZa barne dagoela.
Hirugarrena.– Uraren Euskal Agentziako teknikariek lanen zuinketa egin dezatela; bertan proiektuaren errealitate geometrikoa eta onartutako proiektuan agertzen diren egoera guztiak, kontratua aurrera eramateko oinarrizkoak direnak.
Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeko 6.4 artikuluari jarraituz, ebazpen honen kontra jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 23a.
Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
ERNESTO MARTINEZ DE CABREDO ARRIETA.