EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017242

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 23koa, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarena, Euskal Boxeo Federazioaren estatutu berriak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen dituena.

Xedapenaren data: 2017-11-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201706150
Maila: Ebazpena
Euskal Boxeo Federazioa EAEko Kirol Elkarteen eta Federazioen Erregistroan inskribatu zen 1990eko martxoaren 28an, 166 zenbakiarekin. Federazioaren estatutu berriak aurkeztu dira orain.
Euskal Boxeo Federazioak 2017ko uztailaren 26an egindako ezohiko batzar orokorrean bere estatutu berriak onartzeko erabakia hartu zuen, eta onarpen hori agiri bidez frogatu da.
Estatutu berriak bat datoz urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoarekin.
Ondorioz, nire eskumenak erabiliz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Boxeo Federazioaren estatutu berriak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea.
Bigarrena.– Legez ezarritako epean jakinarazteko agindua ematea.
Hirugarrena.– Ebazpen hau eta bere eranskina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Laugarrena.– Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea eta, beraz, haren aurka pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 23a.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria,
JON REDONDO LERTXUNDI.
ERANSKINA
BOXEOAREN ETA HARI LOTUTAKO DIZIPLINEN EUSKAL FEDERAZIOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioa nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmena duen irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da zeinek kirolariak, teknikariak, epaileak, klubak eta kirol elkarteak biltzen baititu Boxeoko modalitatea eta Boxeoarekin lotutako diziplinak diren, Kick-Boxing, Full-Contact, Thai-Boxing eta Aiki-Budo Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan praktikatu, sustatu eta antolatzeko.
2. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren Estatutuak honako hauek arautzen dituzte: Euskal Herriko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legeak; Euskal Herriko Kirol Federazioetako urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuak, eta Legeari dagozkion gainerako garapen-xedapenak; estatutu hauek eta erregelamendu espezifikoak, hala nola dagozkion organoek baliozkotasunez hartutako erabakiak.
3. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren helbidea ondorengoa da: Amadeo Garcia de Salazar plaza, 2.a. Herria: Vitoria-Gasteiz PK: 01007 Araba.
4. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak eremu autonomikoan boxeoko kirol modalitateari dagozkion jarduera eta lehiaketa ofizialak sustatzen, kalifikatzen, baimentzen, agintzen eta antolatzen ditu, eta hala badagokio, modalitate horrekin lotutako diziplinak zein Euskadiko lurralde eremuan konfiguratzen edo definitzen direnak, Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak berezkoak dituen eskumenei ezta Euskaditik kanpo burutu ahal dituen jarduerei kalterik egin gabe.
5. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioa Boxeoko Espainiako Federazioan eta Boxeoko Europar Elkartean (European Boxing Association – EBA) integratuta dago.
Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak autonomia eremuko bere modalitateei dagozkion Euskadiko kirol federatuaren ordezkaritza du, eta estatuko nahiz nazioarteko ordezkaritza dagozkio.
6. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak bere eginkizunak betetzeko ondorengo egitekoak izango ditu:
a) Estatuan eta nazioartean dagokion kirol modalitatea ordezkatzea, eta, hala dagokionean, federazioa beste erakunde batzuetara atxikitzeko araubidea zehaztea.
b) Bere barne dauden lurralde federazioen jarduera koordinatzea.
c) Autonomia erkidegoan kirol modalitatearen lehiaketa ofizialak eta jarduerak antolatzea.
d) Parte hartzeko eta lehiatzeko arau propioak ezartzea; betiere bere eremuaz gaindiko lurraldeko federazioek ezarritako arauen aplikazioari dagokionean kalterik eragin gabe, hala dagokionean.
e) Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan bere estamentu guztien partaidetza antolatzea.
f) Dagokion kirol modalitatearen eta elkartutako diziplina ez-olinpiarren federazio lizentziak ematea.
g) Bere jarduera garatzean sortutako kirol gatazkak ezagutu eta konpontzea; organo judizial eta arbitraje-organoen eskumenari kalterik egin gabe.
h) Bere arauak betearazteaz arduratzea, eta horiei jarraikiz duen diziplina ahalmena erabiltzea.
i) Administrazioarekin elkarlanean aritzea kirolean debekatuta dauden substantzia, talde farmakologiko edo arauz kanpoko metodoen erabilera prebenitzen, kontrolatzen eta zigortzen, horretarako zehazten den araudiari jarraikiz.
j) Horretarako ezartzen den araudiari jarraikiz, dagokion kirol modalitateko teknikariak eta epaileak prestatzea.
k) Bere baliabide ekonomikoen helburua zehaztu eta esleitzea; bere jarduerarako beste erakunde batzuek transferitzen dizkion baliabideak kudeatzea, eta bere baliabide guztien erabilera zuzena kontrolatzea.
l) Lurralde federazio, eta atxikita dituen klub eta kirol elkarteentzako diru-laguntzak esleitu eta kontrolatzea.
m) Euskal Herriko administrazioekin kirol-sustapeneko bere helburuetan elkarlanean aritzea, eta, bereziki, 14/1998 Legeak federazioei zuzenean ezartzen dizkien lankidetza eta aholkularitzako egitekoetan.
n) Bere estatutuak eta kirol araudiak lantzea.
ñ) Dagokion kirol modalitatean eta lurralde eremuan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, eta ahal den neurrian, bermatzea.
o) Eta, oro har, dagokion kirol modalitatearen jarduera sustatzeko eta hobetzeko komeni den guztia ezartzea.
7. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak dituen egitekoak bere lurraldeko federazioekin batera garatuko ditu.
8. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioan ezin izango da inolako bereizkeriarik burutu arraza, sexu, erlijio, iritzi eta sineskeria, ala beste edonolako zirkunstantzia pertsonal nahiz sozialagatik.
II. TITULUA
FEDERAZIOKO KIDE EGITEA. LIZENTZIAK
9. artikulua.– 1.– Federazio lizentzia da titularrari Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren kide izaera eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeko ahalmena ematen dion agiri pertsonal eta besterezina, betiere lehiaketa bakoitzean dauden arauei jarraikiz.
2.– Federazio lizentzia bakarra izango da Euskal Herrian, eta, horren bidez, titularra bai euskal federazioari eta bai dagokion lurralde federazioari atxikita egongo da.
3.– Aldi berean bi federazioetako kide izatea dagokion baimena lortzearen bidez gauzatzen da.
4.– Federazio honek emandako lizentziak autonomia erkidegoaz gaindiko eremuko lehiaketetan parte hartzeko gaituko du bere titularra, indarrean dagoen araudiak ezarritako kasu eta baldintzetan.
10. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak du dagokion kirol olinpiar modalitateko eta haiei lotutako diziplina ez olinpiarren federazio-lizentziak emateko eskumena, eta lurralde federazioek izango dute horiek bideratzeko eskumena.
2.– Federazio horrek, lizentziak emateko duen eskumenaren babesean, honakoak ezarriko ditu araudiari jarraikiz: lizentzien agiri, kirol eta ekonomia erregimena, bere eskubide eta betebeharrak, iraupena, indarrean sartzeko data, kategoriak, kuotak, prozedura, formatua eta gainerako antzeko kontuak. Egiteko horrek barne hartuko du halaber nahitaezko arrisku-estaldurak bermatzen dituzten aseguru kolektiboak kontratatzea.
3.– Euskal federazioak borondatezko kuota gehigarria jaso ahal izango du federatuengandik, zerbitzu eta jarduera jakin batzuk finantzatzeko.
4.– Federazioak lizentzia bakoitzaren zenbateko garbia lurralde federazioen artean banatuko du Batzar Nagusiak onartutako terminoen arabera, eta urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 24.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Zenbateko garbi hori era honetan lortuko da: zenbateko gordinari aseguruei eta lurralde eremuaz gaindiko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuotei dagozkien zenbatekoak kenduz.
11. artikulua.– 1.– Federazioaren Batzar Nagusiak onartuko ditu lizentzien formatua eta edukia, eta lizentzia horietan, nahitaez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira.
2.– Lizentziak komunikazioaren teknologiak era egokian aprobetxatzeko moduko baldintza teknikoak dituen euskarri batean, eta Eusko Jaurlaritzak euskarri horiei dagokionean onartutako ezaugarri teknikoekin bat etorriaz igorriko dira.
3.– Lizentziaren agirian ondorengo kontzeptuak jasoko dira:
a) Nahitaezko aseguruen kuota.
b) Euskal Federaziora bideratutako kuota.
c) Dagokion lurralde federaziora bideratutako kuota.
d) Federazioaren eremuaz gaindiko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuota, hala dagokionean.
4.– Lizentziaren agirian, halaber, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25.4 artikuluan ezarritako edukiak jasoko dira.
12. artikulua.– Lizentzien iraupena urtebetekoa izango da, hots, denboraldi osorako.
13. artikulua.– Federazioak pertsona federatuak izan ditzakeen lizentzien bateragarritasunari dagozkion hipotesi, baldintza eta eraginak zehaztuko ditu Lizentzien Arautegian.
III. TITULUA
GOBERNU, ADMINISTRAZIO ETA ORDEZKARITZA ORGANOAK
14. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioan honako gobernu, administrazio eta ordezkaritza organoak egongo dira:
a) Batzar Nagusia deitutako gobernu organoa.
b) Zuzendaritza Batzordea deitutako kide anitzeko administrazio organoa.
c) Ordezkaritza organoa zeinen titularra federazioko lehendakaria izango baita.
I. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA
15. artikulua.– Batzar Nagusia federazioaren gobernu organo nagusia da, eta, gutxienez, ondorengo egitekoak bete beharko ditu:
a) Lehendakaria hautatzea.
b) Federazioko kontuak eta aurrekontuak onartzea.
c) Estatutuak onartzea edo aldatzea.
d) Zentsura-mozioa onartzea.
e) Lehiaketa ofizialen egutegia onartzea.
f) Federazioaren jarduera-plana onartzea.
g) Federazioaren arautegiak onartzea edo aldatzea.
h) Ondasun higiezinak izatea, besterentzea eta zergapetzea; maileguak adostea, eta zorraren edo ondare zati alikuotaren tituluak jaulkitzea, estatutu hauetan xedatutakoari jarraikiz.
i) Federazioaren desegitea erabakitzea.
j) Bere garrantzia dela eta Batzar Nagusiaren oniritzia eskatzen duten beste erabaki guztiak hartzea.
16. artikulua.– 1.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren Batzar Nagusia lau urtean behin hautatuko da, boto libre, zuzen, berdin eta sekretuaren bidez. Hautaketa hori, lurralde federaziotako Batzar Nagusi bakoitzean egingo da.
2.– Edozein kasutan, hauteskundeak kirol modalitatearen joko olinpikoak egiten diren urteetan egingo dira beti, eta lurralde federaziotako batzar nagusiak berritu eta gero.
3.– Salbuespen gisa, eta Eusko Jaurlaritzak berariazko baimena eman eta gero, hauteskunde-prozesuaren hasiera atzeratu edo aurreratu daiteke, aurreikusitako hasiera-egunean ezinezkoa gertatzen bada.
17. artikulua.– 1.– Batzar Nagusia klub, kirol elkarte, kirolari, teknikari eta epaileen estamentuetako ordezkariek osatuko dute, ondorengo proportzioan:
a) Batzarreko kide guztien % 70 klub eta kirol elkarteen estamentuan, estatutuen 50. artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Batzarreko kide guztien % 10 kirolarien estamentuan, estatutuen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.
c) Batzarreko kide guztien % 10 teknikari eta epaileen estamentuan, estatutuen 53. eta 54. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
d) Batzarreko kide guztien % 10 boxeoaren beste kolektibo batzuetako estamentuan, estatutuen 55. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Aurreko erregela aplikatu eta gero estamentu bakoitzean geratzen den ehuneko osoa honela banatuko da: estamentu bakoitzeko, Euskal Federazioan erroldatutako pertsona guztiei dagokionean, atxikita dituen kide kopuruarekin proportzionala den ordezkari kopuru jakin bat esleituko zaio lurralde federazio bakoitzari.
3.– Batzar Nagusiko kideei dagokien zifra zehatza, hauteskunde bakoitzaren aurretik, Hauteskunde Batzordeak hautatuko du, dagoen hauteskunde errolda kontuan hartuta eta, hala dagokionean, hauteskunde araudiak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz.
4.– Batzarreko kideen gehieneko kopurua hogeikoa izango da.
18. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan izena emanda, eta dagokien lurralde federazioari atxikita egonda, hauteskundeak egiten diren denboraldian nahiz aurrekoan kirol jarduera esanguratsua izan duten klub eta elkartetako ordezkarien artean hautatuko dira Klub eta kirol elkarteetako estamentuko ordezkariak.
2.– Kirolarien estamentuko ordezkariak hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurrekoan lizentzia indarrean duten hemezortzi urtetik gorako kirolarien artean hautatuko dira. Lehen azaldutako baldintzak betetzen dituzten hamasei urtetik gorako kirolariek aukeratuko dituzte ordezkariak.
3.– Teknikarien estamentuko eta epaileen estamentuko ordezkariak, lizentziaren kategoria edozein dela ere, hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurreko denboraldian lizentzia indarrean dutenen artean hautatuko dira.
4.– Beste kolektiboetako ordezkariak, kolektibo horien ordezkarien artean eta ordezkariek hautatuko dituzte; horretarako dagokion lurralde-federazioan inskribatuta egon beharko dira eta hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurreko denboraldian lizentzia indarrean izan beharko dute.
5.– Aukeratuak izan diren denboraldian Batzar Nagusiko kideen artean plaza librerik geratzen bada, Batzar Nagusirako azken hauteskundeetan estamentu bakoitzari dagokion ordezkoen zerrendan agertzen den lehenengo pertsonak beteko du, Hauteskunde Arautegiak hartarako xedatutako prozedurari jarraikiz.
19. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak ohiko eta ezohiko bilerak egiten ditu.
2.– Ekitaldi bakoitzean, gutxienez, ohiko bilera bat egingo du Batzar Nagusiak, urteko lehen seihilekoan. Xedea hauxe izango da:
– Kontuen egoera onartzea.
– Aurrekontuaren egoera onartzea.
– Lehiaketetako egutegi ofiziala onartzea.
– Lehendakaritzak eta Batzorde Zuzendaritzak burututako gestioa aztertu eta onartzea.
3.– Bere eskumeneko gainerako gaiak, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoak izan ezik, halaber ohiko bileran tratatuko dira.
4.– Batzar Nagusiak ezohiko bilera ospatuko du ondorengo gaiak tratatzeko:
a) Hauteskundeak burutzea.
b) Zentsura-mozioa.
c) Estatutuak onartzea edota aldatzea.
d) Federazioa desegitea.
e) Araudien onarpena edo aldaketa.
20. artikulua.– 1.– Ohiko eta ezohiko batzarrak biltzeko deia egitea federazioko lehendakariari dagokio ofizioz; bestela, Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiko kideen % 20k eskatzen dutenean egingo da. Hori egin ezin bada, edo lehendakariak batzarrerako deialdiari dagokion betebeharra betetzen ez badu, deialdia Zuzendaritza Batzordeak edo Batzarreko kideen % 20 ordezkatzen duen kide talde batek egin ahal izango du.
2.– Horretarako eskumena duten organo edo taldeek eskaera egin eta lehendakariak dagokion eskaera burutzen denetik gehienez ere 15 egun naturaleko denbora-epean egin beharko du Batzarrerako deia. Lehendakariak ez badu deialdia egiten epe horretan, Zuzendaritza Batzordeak edo, hala dagokionean, Batzarreko kideek egin ahalko dute deialdia.
21. artikulua.– Ohiko nahiz ezohiko Batzar Nagusirako deialdia eta gai zerrenda, Batzarreko kideei, idatziz, gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin jakinaraziko zaizkie, behar bezala justifikatutako presazko hipotesietan izan ezik, zeinen kasuan, 5 egunera murriztu ahal izango baita. Idatzizko komunikazioa balioduna izango da fax, posta elektroniko edo beste baliabide analogo baten bidez burutzen denean zein, edozein kasutan, erregistratu edo gorde ahalko baita.
22. artikulua.– 1.– Batzarreko kideek euren ustez interesgarriak diren gaiak gai-zerrendan sartzeko eskatu ahal izango diote lehendakariari, gutxienez bost eguneko aurrerapenarekin, eta betiere eskaera gutxienez Batzarreko kideen % 20ak proposatzen badu, sartu beharreko gaia federazioarentzat interesgarria bada; edo estamentuetako bateko kideen % 20ak eskatzen badu, sartu beharreko gaiak dagokion estamenturako lehentasunezko interesa badu.
2.– Proposatutako gaia gai-zerrendan sartzea onartzen ez bada, eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, ukatzearen arrazoiak azalduz.
23. artikulua.– 1.– Batzar Nagusia lehen deialdian baliozkoa izango da baldin eta kideen erdiak gehi bat joaten badira. Bigarren deialdian, berriz, baliozkoa izango da bilerara joandako kide kopurua edozein dela ere.
2.– Batzar Nagusiko kide ez diren Zuzendaritza Batzordeko kideak Batzar Nagusira joan ahalko dira, eta ahotsa izango dute baina ez botoa. Haien agerraldia ez da kontuan hartuko quorum-a lortzeko.
24. artikulua.– Batzar Nagusian ez da onartuko botoaren eskuordetzea.
II. KAPITULUA
ZUZENDARITZA BATZORDEA
25. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea federazioko administrazio-organoa da, eta federazioko gaien administrazio- eta ekonomia-kudeaketaz arduratuko da. Horiek, Batzar Nagusiaren arauei jarraikiz garatu beharko ditu.
26. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak kide kopuru bakoitia izango du, eta gutxienez honakoek osatuko dute:
a) Lehendakaria, Federazioko lehendakaria ere izango dena.
b) Lehendakariordea, lehendakarien egitekoak hartuko dituena hura ez badago edo kargua uzten badu.
c) Batzordekide bat.
Hiru kide soilik badira, Zuzendaritza Batzordeko kidetako batek diruzainaren egitekoak bete beharko ditu eta beste batek idazkariarenak.
2.– Zuzendaritza Batzordearen kargu guztiak ohorezkoak dira, idazkariaren eta diruzainaren karguak izan ezik; horiei ordaindu egingo zaie beren lana, Batzar Nagusiak onartutako baldintzetan eta une oro indarrean dauden kontratazio-arauak kontuan hartuta.
27. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeko kideak Federazioko lehendakariak hautatuko ditu, bere agintaldia bukatu arte, behin Batzar Nagusia berritutakoan. Batzarreko kideen hautaketa librean lurralde federaziotako lehendakariak salbuesten dira.
2.– Zuzendaritza Batzordeko kideak, lehendakaria izan ezik, behin eta berriz hauta daitezke; lehendakariari kargu horretarako ezarritakoa aplikatuko zaio.
28. artikulua.– 1.– Federazioko lehendakariari edo, hori ezean, lehendakariari edo bestela Zuzendaritza Batzordeko kideen % 25ari egokituko zaio bertako bileretarako deia egitea.
2.– Deialdiarekin batera gai zerrenda aurkeztu beharko da, eta hor eztabaidatu behar diren gaiak, nahiz horien inguruko dokumentazioa adierazi beharko dira.
3.– Gai zerrenda hori, gutxienez, bilera egin baino bi egun lehenago jakinarazi beharko zaie Batzarreko kideei, idatziz, behar bezala justifikatutako premia dagoenean salbu.
4.– Hala ere, deialdia egon ez arren, baliozkotzat hartuko da kide guztiak joaten badira, eta aho batez hala erabakitzen badute.
5.– Betiere bere kideek espresuki hala onartzen dutenean Zuzendaritza Batzorderako deialdia egokitzat emango da bere hitzarmenak posta elektroniko, fax ala beste edonolako baliabide teknikoren bidez burutzen badira zeinek Batzordeko kideen adierazpenak jasotzea zilegi egingo baitu. Kasu honetan, aktarekin batera, esku-hartzetako egiaztagiriak eta botoak kontserbatu beharko dira.
29. artikulua.– 1.– Ohiko deialdian, Federazioko lehendakariak eskatuta egiten denean, Zuzendaritza Batzordea behar bezala eratuta geratuko da lehenengo deialdian bere kideen erdia gehi bat biltzen direnean, eta bigarren deialdian gutxienez bere kideen % 25, eta edozein kasutan, Federazioko lehendakaria nahiz lehendakariordea biltzen direnean.
Federazioko lehendakariak edo, hura ez balego, lehendakariordeak bideratuko ditu Zuzendaritza Batzordeko saioak, eta horren jarduera zuzendu eta koordinatuko du. Bi horietako inor ez badago, adinez nagusien den pertsonak bideratuko ditu saio horiek.
2.– Ezohiko deialdian, bere kideen % 25ak eskatuta egiten denean, Zuzendaritza Batzordea behar bezala eratuta geratuko da lehenengo deialdian bere kideen erdia gehi bat biltzen direnean eta bigarrenean gutxienez bere kideen % 25a biltzen bada. Bertaratuko balira, Federazioko lehendakariak edo, hura ez balego, lehendakariordeak bideratuko ditu Zuzendaritza Batzordeko saioak, eta horren jarduera zuzendu eta koordinatuko du. Bi horietako inor ez badago, adinez nagusien den pertsonak bideratuko ditu saio horiek.
30. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak ondorengo arrazoiren batengatik utziko du kargua:
a) Lehendakariari edo modu bateratuan lehendakariari eta Zuzendaritza Batzordeari egindako zentsura mozioa onartzeagatik.
b) Bere kideen % 50aren gaitasungabetze edo ezgaitze administratibo edo juridikoagatik.
c) Lehendakariak dimititu izanagatik.
d) Bere kideen erdia baino gehiagoren dimisio nahiz heriotzagatik, edo lehendakariak dimisioa eman dutenak edo hil direnak ordeztu ez dituelako.
2.– Zuzendaritza Batzordeko kideek kargua utziko dute honako arrazoiengatik:
a) Dimititzeagatik.
b) Heriotzagatik.
c) Lehendakariak erabakitako kargu-uzteagatik.
d) Modu judizialean adierazitako ezgaitzeagatik.
e) Kirol denboraldian zehar segidako ala aldizkako Batzordearen hiru saio edo gehiagotara ez bertaratzeagatik, ezinbesteko arrazoi justifikatuagatik izan ezik.
3.– Lehendakariak eskumena izango du, kargu-uzte, borondatezko dimisio, heriotza hala nola Zuzendaritza Batzordeko kide bat ala gehiagoren heriotza nahiz ezgaitzeagatik, hutsuneak betetzeko beste pertsona batzuk izendatzeko.
31. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak Zuzendaritza Batzordearen erantzukizuna eskatu dezake zentsura-mozio baten bidez zeinek xede horretarako deitutako bileran Batzar Nagusiko kideen gehiengo osoa alde izan beharko baitu.
2.– Zentsura-mozioa onartzen denean Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek kargua utzi beharko dute, Federazioko lehendakariak barne, lurralde-federaziotako lehendakariek izan ezik, zein Zuzendaritza Batzordean eskubide osoko kide bezala sartuko baitira.
32. artikulua.– 1.– Lehendakariaren kargua hutsik geratzen denean edo Zuzendaritza Batzordeak kargua uzten duenean, jardunean jarraituko du, eta Hauteskunde Batzordeari gehienez hilabete bateko epean bilera egiteko deituko dio, hauteskunde-prozesuari hasiera eman diezaion. Han, beste lehendakari bat hautatuko da, eta hark bere Zuzendaritza Batzordea izendatuko du.
2.– Hori ezinezkoa balitz, Federazioko Batzar Nagusiko kide guztietatik gutxienez % 20 ordezkatzen duen edozein kide-taldek Hauteskunde Batzorderako deialdia burutu ahal izango du.
33. artikulua.– Federazioko Idazkariak, gutxienez, ondorengo egitekoak bete beharko ditu:
a) Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen bileren aktak egitea.
b) Federazioaren liburuak eta gainerako dokumentuak zaintzea, kontabilitatekoak salbu.
c) Aipatu liburuen edukien inguruko ziurtagiriak egitea.
34. artikulua.– Federazioko diruzainak, gutxienez, ondorengo egitekoak bete beharko ditu:
a) Federazioaren kontuak eta ekonomi arloko eragiketak zuzentzea.
b) Federazioaren kontabilitate-liburuak zaintzea eta horietaz arduratzea.
c) Beharrezkoak diren kontabilitate-dokumentu guztiak prestatzea, bereziki, urteko aurrekontuaren zirriborroa eta ekitaldi bakoitzaren balantzea, gero Batzar Nagusiak aztertu eta onar ditzan.
III. KAPITULUA
LEHENDAKARIA
35. artikulua.– Federazioko lehendakariak federazioaren legezko ordezkaritza hartzen du bere gain; Batzar Nagusiak eta Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak gauzatzen ditu; Biek egindako saioen buru izango da, eta zuzenduko ditu. Bestalde, berdinketa gertatzen bada, bere kalitateko botoaz baliatuz erabakiko du.
36. artikulua.– 1.– Federazioko lehendakaria Batzar Nagusiak hautatzen duen pertsona izango da.
2.– Lehendakariaren kargua uzteko arrazoiak ondorengoak dira:
a) Dimititzeagatik.
b) Zentsura-mozioa onartzeagatik.
c) Lehendakariaren gaitasungabetze edo ezgaitze administratibo edo juridikoagatik.
d) Heriotzagatik.
3.– Lehendakariak kargua uzten badu hautaketa berria egin beharko da. Kasu horretan, jardunean jarraituko du eta Hauteskunde Batzorderako deia egingo du, gehienez, hilabete bateko denbora-epean. Epe horretan deialdirik egiten ez bada, Batzar Nagusiko kide guztien % 20 ordezkatzen duen edozein kide-taldek Hauteskunde Batzorderako deialdia burutu ahal izango du.
37. artikulua.– Lehendakaria behin eta berriz hautatu dezakete; horretarako ez da egongo agintaldi-mugarik.
IV. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK
38. artikulua.– Estatutu hauetako 14. artikuluan jasotzen diren organoetako kideek dagozkien egitekoak betetzen jarraituko dute bere ondorengoek kargua hartu arte.
39. artikulua.– 1.– Federazioko kide anitzeko organoen erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilarekin hartuko dira, lege edo estatutu xedapenek gehiengo kalifikatuak eskatzen dituzten kasuetan izan ezik.
2.– Kide guztiek berariaz onartzen badute, federazioko kide anitzeko organoek presazko erabakiak posta elektroniko, fax, bideokonferentzia eta antzeko baliabide teknikoen bidez hartu ahal izango dituzte. Kasu horietan, dagokion aktarekin batera fax, posta elektroniko eta dagozkion euskarrien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.
40. artikulua.– Batzar Nagusiko edo Zuzendaritza Batzordeko kidea izateko baldintzak ondorengoak dira:
a) Adin nagusikoa izatea.
b) Administrazio-egoitza federazioaren jarduera-eremuan izatea. Ezohiko egoeretan Batzar Nagusiak baldintza hori barkatu ahal izango du.
c) Karguak edo egitekoak betetzeko gaitasuna kentzen duen diziplinazko zigor irmorik bete behar ez izatea.
d) Epai judizial irmoaren bidez kargu publikoak betetzeko gaitasuna baliogabetzen duen zigorrik ez izatea.
e) Erabaki judizial irmoaren bidez ezgai deklaratu ez izana.
41. artikulua.– 1.– Federazioko organoek hartu dituzten erabaki guztien akta egin behar du idazkariak. Aktan ondorengoak jaso beharko dira, gutxienez: bertaratutako pertsonen izena, bilera non eta noiz egin den; eztabaidatu diren puntu nagusiak; bozketa nola egin den eta haren emaitza, eta erabakien edukia.
2.– Onartutako erabakiaren aurkako botoek, betiere arrazoituak badira, kide anitzeko organoen erabakietatik ondoriozta daitezkeen erantzukizunetik aske utzi ahal dute.
42. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak nahi beste batzorde eta antzeko organo eratu ditzake, federazioaren kirol jardueraren sektore bat garatzeko nahiz Federazioko talde edo estamentuen funtzionamendua hobetzeko.
43. artikulua.– 1.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak dopinari dagokionean ezar daitekeen arautegiak xedatzen dituen organoak izan beharko ditu.
2.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak batzorde tekniko bat izango du, eta batzorde horrek federazioaren kirol zuzendaritza teknikoa bere gain hartuko du.
44. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioko zuzendariek ondorengo eskubideak dituzte:
a) Eusko Jaurlaritzatik federazioetako zuzendarientzako etengabeko prestakuntza eta doako aholkularitza teknikoa jasotzeko eskubidea, beren egitekoak era egokian bete ahal izateko.
b) Jardueretan egindako gastuen ordaina jasotzekoa, federazioak berak aurretik ezarritako mugen barruan.
c) Federazioaren bitartez, borondatezko jardueratik ondoriozta daitezkeen istripu arriskuetarako eta erantzukizun zibilerako asegurua izatea.
d) Bere jarduera baldintza egokietan burutzekoa, duintasunari, segurtasunari eta higieneari dagokionean, bere egitekoen izaera eta ezaugarrien arabera.
e) Zuzendariak direla egiaztatzen duen ziurtagiriren bat izatea.
f) Kirolaren esparruan egindako ekarpen sozialarengatik errespetua eta esker ona jasotzea.
g) Federazioko zuzendaritza organoetan parte hartzeko informazio eta dokumentazio guztia eskura izatea.
h) Esleitzen zaizkion egitekoak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren baliabide materialak etengabe jasotzea.
i) Federazioaren arauetan aurreikusitako bestelakoak.
45. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioko zuzendariek ondorengo betebeharrak dituzte:
a) Bere betebeharrak garatzean jasotako eta ezagututako informazioaren konfidentzialtasuna gordetzea, hala badagokio. Konfidentzialtasuna gordetzeko betebeharrak kargua uzten duenean ere iraungo du.
b) Egitekoak betetzean behar bezalako arduraz jokatzea, hots, une oro federazioaren estatutuetako helburuen arabera jokatzea.
c) Dagozkien kirol federazioek beren eskura jartzen dituzten baliabide materialak errespetatzea eta zaintzea.
d) Federazioarekin hartutako konpromisoak betetzea.
e) Egitekoak behar bezala betetzeko antolatzen diren prestakuntza-jardueretan parte hartzea.
f) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan debekatuta dagoen edozein ordain ekonomikori uko egitea.
g) Egitekoak betetzen jarraitzea bere ondorengoek kargua hartu arte, ezinbestean utzi behar ez badu salbu.
h) Eskumeneko organoek hartutako erabakiak eta ebazpenak ontzat hartzea.
i) Kargua uzten duten zuzendarien ordezkoei beharrezkoa den dokumentazio eta informazio guztia ematea.
j) Euren interes pertsonalarekin zerikusia duten gaiei buruzko deliberamenduetan parte ez hartzea. Interes pertsonala egongo da gaiak zuzendariaren ezkontideari edota antzeko afektibitate harremana duten pertsonei, edo haren ondorengoei edo aurrekoei, eragiten badie, edota zuzendaritzako kargua edo neurri bateko partaidetza duen sozietateari eragiten badio.
k) Kide deneko organoek antolatutako bileretara joatea, eta horien deliberamenduetan parte- hartze aktiboa izatea, bere irizpideak erabaki egokiak hartzen lagun dezan.
l) Emandako egiaztagiria behar bezala erabiltzea.
m) Hala badagokio, federazioak onartzen duen Kode Etikoa betetzea.
n) Federazio honen estatutu edo arautegietan aurreikusitako bestelakoak.
46. artikulua.– 1.– Kirol federazioaren lehendakari kargua bateraezina da beste kirol federazio bateko lehendakari karguarekin, nahiz eta beste kirol modalitate batekoa izan.
2.– Kirol federazioaren lehendakari kargua bateraezina da federazio horretan dagoen klub edo kirol elkarte bateko lehendakari karguarekin. Lehendakaritza betetzen duen pertsona titularra, hain zuzen, klub edo kirol elkarte bateko ordezkari gisa batzarrean egotegatik aukeratzen badute, federazioko edo klubeko kargua aukeratu beharko du, eta klubean duen karguari uko egiten diola ulertuko da, bietako bat espresuki aukeratzen ez badu.
3.– Kirol federazioaren lehendakaritza bateraezina izango da Foru Administrazioaren edota Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren barne dagoen federazio-eremuarekin zuzenean lotutako kargu ala enplegu publikoak betetzearekin.
4.– Kirol federazioaren zuzendaritza kargua bateraezina da erakunde bereko kontseilari edo aholkulari profesional izatearekin. Era berean, kirol federazioaren zuzendaritza kargua bateraezina da bertarako lan harremana, harreman zibila ala merkataritzakoa dela medio zerbitzu profesionalak eskaintzearekin.
47. artikulua.– Federazioko zuzendariek debekatuta dituzte ondorengoak:
a) Kargua utzi edo dimititu eta gero kalte-ordainak jasotzea.
b) Hirugarren pertsonengandik edo erakundeengandik komisioak edo antzeko mozkinak jasotzea, kirol erakundeak ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeagatik.
c) Kirol edo ekonomi helburuak lortzeagatik pizgarriak jasotzea.
d) Bere enpresen bitartez edo hirugarren pertsonen nahiz erakundeen izenean kirol federazioarekin berarekin kontratuak egitea. Autokontratatzeko debeku horrek eragina du ezkontideengan, antzeko afektibitate harremanen bidez lotutako pertsonengan eta ondorengo nahiz aurreko enpresengan.
e) Kirol federazioaren ondarea erabiltzea edo ondare-abantaila bat lortzeko bertan duen postuaz baliatzea.
IV. TITULUA
FEDERAZIOKO ESTAMENTUAK
48. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren estamentuetako kideek, gutxienez, ondorengo eskubideak izango dituzte:
a) Federazio organoetan ordezkaritza izatea eta horietako kide izatea, estatutu hauen eta aplikagarria den arautegiaren arabera ezarritako eran eta proportzioan.
b) Federazioak antolatutako jarduera guztietan parte hartzea, federazioak horren inguruan ematen dituen arauei jarraikiz.
c) Kirol hau hobeto garatu dadin eskatzen duten beste informazio jasotzea, eta federazioko gaien inguruan bere irizpide nahiz iritziak modu askean adieraztea.
d) Federazioaren arauak bete daitezela eskatzeko federazioaren eskumeneko organoetara jotzea.
e) Egoki iruditzen zaizkien kontsultak eta erreklamazioak egitea, federazioaren arauei jarraikiz.
f) Lizentzia egiaztatzen duen dokumentua eskuragarri izatea.
49. artikulua.– Federazioaren estamentuetako kideek ondorengo betebeharrak izango dituzte:
a) Ezartzen diren kuotak ordaintzea.
b) Federazioko organoek hartutako erabaki guztiak betetzea, hartarako eskumena duen organoak baliogabetzen edo kentzen ez dituen bitartean.
c) Federazioaren helburuak era aktiboan lortzen parte hartzea.
d) Hala dagokionean, dituzten karguei atxikitako betebeharrak leialki betetzea.
e) Euskal selekzioek kirol-lehiaketetan parte hartzeko edo horiek prestatzeko egiten dituzten deialdietara joatea.
50. artikulua.– Estatutu hauei dagozkien xedeetarako, klub edo kirol elkarteak dira ekainaren 11ko Euskadiko Kirolari buruzko 14/1998 Legearen III. Tituluan aurreikusitakoari jarraikiz eratutako elkarteak, boxeoko olinpiar modalitateko lizentzia dutenak.
51. artikulua.– Federazioak antolatutako edo baimendutako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, klubak eta elkarteak federazio horri atxiki beharko dira lurraldeko federazioaren bitartez, dagokien lizentzia eskuratuta.
52. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioko kirolari dira estamentu honi dagokion boxeo olinpiar modalitateko federazio-lizentziaren titular diren pertsona fisikoak.
53. artikulua.– 1.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioko teknikari dira federazioak eskatutako titulua izan eta estamentu honi dagokion boxeo olinpiar modalitateko federazio-lizentziaren titular diren pertsona fisikoak.
2.– Teknikariak, hala dagokienean, federazioaren teknikarien elkargoan elkartuko dira.
54. artikulua.– 1.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioko epaile dira eskumeneko organoak emandako beharrezko titulua eta dagokion boxeo olinpiar modalitateko federazio-lizentzia dituzten pertsona fisikoak.
2.– Epaileak, hala dagokienean, federazioaren epaileen elkargoan elkartuko dira.
55. artikulua.– Estatutu hauen ondorioetarako, beste kolektibo batzuetako estamentuko partaide dira honako hauek:
1.– Boxeoa eta hari lotutako diziplinak sustatzen dituzten elkarte edo kolektiboak, zuzenbidearen arabera eratu eta, hala badagokio, legez horretarako ezarritako erregistroetan inskribatu direnak, edo, federazioak sustatzaile gisa lizentzia eman dien pertsona-multzoak.
2.– Euskal Herriko kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen III Tituluan ezarritakoaren arabera eratutako klubak eta kirol-taldeak; elkartutako beste edozein diziplina ez olinpiarreko federazio-lizentzia duten kirolariak, teknikariak eta epaile titularrak.
V. TITULUA
DIZIPLINA ERREGIMENA
56. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren diziplina-erregimena honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz kudeatzen da: ekainaren 11ko 14/1998 Legearen X. Titulua; urtarrilaren 10eko 7/1989 Dekretua edo hura ordezten duen xedapena; estatutu hauek, eta Federazioaren Kirol Diziplinazko Araudia.
57. artikulua.– 1.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak diziplina-boterea izango du soilik bere egitura organikoaren barne dauden pertsona guztiengan eta federazioko kide diren pertsona fisiko zein juridiko guztiengan.
2.– Federazioak ezin izango du diziplina-boterea burutu beste lurralde eremu batzuetako eta kirol jarduera bereko federaziotako kideei dagokionez, bere kirol jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan garatzen badute ere.
58. artikulua.– Diziplina Batzordea Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Federazioaren organo bat da, Federazioko gainerako organoei kasurik egin gabe kirol diziplina-ahalmena erabiltzen duena.
59. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak izendatutako pertsona batek osatuko du Diziplina Batzordea, eta pertsona hori diziplina-epaile izendatuko dute.
2.– Diziplina-epailea lehendakaritza-agintaldiaren hasieran izendatuko dute eta lau urtez izango ditu kargua eta eginkizunak. Diziplina-epaileak bere eginkizunak betetzeko behar adinako ezagutza espezifikoak izan beharko ditu.
3.– Zuzendaritza Batzordeko kideek ezin izango dituzte diziplina-epailearen eginkizunak bete.
60. artikulua.– Diziplina-epaileak hartutako erabakiak Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean aurkaratu ahal izango dira.
VI. TITULUA
HAUTESKUNDE ERREGIMENA
61. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren hauteskunde-erregimena honako xedapen hauen arabera kudeatuko da: urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren VII. Titulua, hura garatzeko ematen diren xedapenak, estatutu hauek eta hauteskunde-prozesua burutzean indarrean dagoen hauteskunde-araua.
62. artikulua.– Federazioaren Batzar Nagusia hautatzeko, hauteskunde-multzoa lurralde-federazioetako batzar nagusietako kideek osatuko dute. Hautaketa honek ez ditu hauteskunde-prozesu baten ezaugarriak izango eta lurralde-batzorde bakoitzaren baitan burutu beharko da, batzarra eraberritu eta ondoren egiten den lehenengo bileran, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
Hautesle eta hautagarrien izaera Euskal Herriko Kirol Federazioetako Dekretuan, estatutu hauetan eta Federazio honetako Hauteskunde Araudian ezarritakoarekin bat etorriko da.
63. artikulua.– Federazioan hauteskunde batzorde bat egongo da, zeinen ardura hauteskunde prozesua bultzatu eta garapen egokia izan dezan zaintzea izango baita. Hauteskunde Batzordea pertsona bakarreko organoa izango da.
64. artikulua.– Hauteskunde Batzordearen egitekoen betetzeak lau urteko iraupena izango du, Batzar Nagusiak epe hori amaitu aurretik hura kentzeko eta beste bat izendatzeko duen ahalmenari kalterik egin gabe.
65. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeko kidea eta haren ordezkoa Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren Batzar Nagusiak izendatuko ditu, hauteskunde-prozesua hasi aurretik egiten den azken bileran.
2.– Ezingo dute inola ere Hauteskunde Batzordean egon hautagai bezala aurkeztuko direnak; egoera horretan egongo balitz izendatutako Hauteskunde Batzordearen kidea, kargua utzi beharko du eta bere tokia ordezkoak beteko du.
66. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeak honako egitekoak izango ditu:
a) Hautesleen errolda eta hauteskunde egutegia onartzea.
b) Aurkeztutako hautagaiak izendatu eta argitaratzea.
c) Hauteskunde-mahaia izendatzea.
d) Hautetsiak izendatzea.
e) Aurkezten diren aurkaratzeak, erreklamazioak, eta eskaerak ebaztea, baita hauteskunde-mahaiaren erabakien aurka jartzen diren errekurtsoak ere.
f) Hauteskundeak burutzeari eta emaitzei zuzenean eragiten dion edozein auzi.
2.– Hauteskunde Batzordeak hartzen dituen erabakien aurka egin ahal izango da Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean.
67. artikulua.– Hauteskunde Batzordeak, hautagai izango ez diren hautesleen artean zozketa egin eta gero, hiru kiderekin osatutako Hauteskunde Mahaia izendatuko du, baita ordezkoen kopuru baliokidea ere. Horien artetik eginkizun horiek burutzeko hautatutako kideak izendatuko dira Hauteskunde Mahaiaren lehendakari eta idazkari. Horrelako izendapenik ez bada egiten, lehendakaria eta idazkaria kiderik zaharrena eta gazteena izango dira, hurrenez hurren.
68. artikulua.– 1.– Hauteskunde Mahaiak honako egitekoak izango ditu:
a) Bozketak behar bezala egitea bermatzea.
b) Boto-emaileak nortzuk diren, eta hautesleak direla egiaztatzea.
c) Emandako botoak baliozkoak diren ebaztea.
d) Bozketa bukatu eta gero botoak zenbatzea.
e) Bozketarekin zerikusia duen beste edonolako gairen inguruan erabakitzea.
2.– Hauteskunde Mahaiak hartutako erabakien aurka Hauteskunde Batzordearen aurrean egin ahal izango da.
VII. TITULUA
EKONOMIA ETA ONDARE ERREGIMENA
69. artikulua.– 1.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak berezko aurrekontu eta ondare erregimena ditu.
2.– Federazioaren ondarea hainbat ondasunek osatuko dute, zeinen titularitatea baitagokio.
3.– Federazioak honako baliabideak ditu:
a) Federatuen kuotak.
b) Erakunde publikoek ematen dizkioten diru-laguntzak.
c) Dohaintzak, jarauntsiak, legatuak eta sariak.
d) Antolatzen dituen kirol jardueretan eta lehiaketetan ateratako mozkinak.
e) Industria eta merkataritza-jardueretan, jarduera profesionaletan edo egindako zerbitzuetan ateratako mozkinak.
f) Bere ondarearen emaitzak, eta ondarea besterentzetik edo zergapetzetik lortutakoa, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko 138. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.
g) Lortzen dituen mailegu eta kredituak.
h) Bere jarduera garatzerakoan lor ditzakeen bestelakoak.
70. artikulua.– 1.– Federazioaren diru-sarrera guztiak, kirol jardueretan nahiz industria, merkataritza, zerbitzu izaerako edo izaera profesionaleko jardueretan lor ditzakeen irabaziak eta sariak osorik erabiliko dira bere helburu soziala garatzeko.
2.– Irabaziak ezin izango dira inola ere federazioko kideen artean banatu.
71. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak ondasun higiezinak zergapetu edo besterendu ditzake, dirua maileguan har dezake, eta zorraren eta ondare zati alikuotaren titulu ordezkatzaileak jaulki ditzake, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 138. eta 139. artikuluetan ezarritako kasu eta baldintzei jarraikiz.
72. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak goi-zuzendaritzako lan kontratuak izenpetu ahal izango ditu, betiere erabakia eta ordainsaria zein kontratuaren gainerako baldintzak Batzar Nagusira bertaratutakoek gehiengo osoarekin onartzen badute, eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak kontratu hori egiteko baimena ematen badu. Ordainsaritzea gehienez aginduaren bukaeran amaituko da, eta zuzendariek ez dute kalte-ordain ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.
73. artikulua.– 1.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak ekitaldi bakoitzaren aurrekontua urtero onartuko du.
2.– Zuzendaritza Batzordea arduratuko da aurrekontuaren proiektua egiteaz, eta Batzar Nagusiari dagokio onartzea.
3.– Federazioak gehienez onartu ditzakeen betebeharrak eta dagokion ekitaldian likidatzea aurreikusten diren eskubideak aurrekontuan adieraziko dira. Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren aurrekontuan, halaber, kirol modalitate horretan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin zerikusia duten betebeharrak adierazi beharko dira.
4.– Aurrekontu bakarra egongo da, eta federazioaren gastu eta diru-sarrera guztiak barne hartuko ditu, organo osagarrienak edo horien tresna erakundeenak barne. Kudeaketa edo antolamenduko beharrek hala eskatzen dutenean, Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak kontabilitateko azpierakundeak sortu ahal izango ditu, zein sistema zentralean behar bezala integratuta egongo baitira.
5.– Aurrekontua orekatua izango da, eta ez da inola ere defizita duen aurrekonturik onartuko, Eusko Jaurlaritzaren aldez aurretiko baimena eskuratu gabe.
6.– Behin Batzar Nagusiaren onespena lortutakoan, aurreko ekitaldiko aurrekontua eta likidazioa Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaio.
7.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak aurrekontu osoaren % 20 gainditzen ez duen aurrekontu-aldaketak egitea erabaki dezake.
8.– Federazioaren aurrekontu osoaren % 20 baino gehiago egiten duten programen arteko kredituen transferentziak eskumeneko kirol administrazioaren baimena eskatuko du.
74. artikulua.– 1.– Ekitaldi bakoitza itxi eta hurrengo hiru hilabeteren barruan, Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak urteko kontuak aurkeztu beharko ditu Batzar Nagusian, hark aztertu eta onartu ditzan eta kontu horietan agertu beharko dira: balantzea, galeren eta irabazien kontua, eta memoria ekonomikoa.
2.– Zuzendaritza Batzordeak egiten dituen urteko kontuak lehendakariak, eta hala dagokionean, diruzainak izenpetu beharko dituzte.
3.– Federazioaren urteko kontuen egitura bat etorriko da Kontabilitateko Plan Orokorra kirol federazioei egokitzeko arauekin.
75. artikulua.– Eskumena duen administrazio publikoak hala eskatzen badu, ikuskapena egingo zaio federaziori, dagokion kasu eta ekitaldietan.
VIII. TITULUA
AGIRI ERREGIMENA
76. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioa nahitaez ondorengo liburuez arduratuko da:
a) Federazioko estamentuen liburua, zein estamentu bakoitzari dagokion ataletan banatuta baitago. Liburu horretan eguneratutako atalen zerrenda eta federazioan sartu diren eta handik atera diren data agertuko dira.
b) Federazioaren akten liburua. Bertan, Batzar Nagusiak, Zuzendaritza Batzordeak eta Federazioaren gainerako organoek hartzen dituzten erabakiak jasoko dira.
c) Kontabilitate liburuak.
d) Hala badagokio, zor tituluen edo ondare parte alikuotaren Erregistro Liburua.
Liburu hauek Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroak ezarritakoari jarraituz bideratu beharko dira.
IX. TITULUA
FEDERAZIOA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
77. artikulua.– 1.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioa honako arrazoiengatik desegingo da:
a) Ezohiko Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenek hala erabakitzen badute, eta artikulu honen bigarren atalean aurreikusitako arrazoiren bat egoten bada.
b) Epaileak erabakitzen badu.
2.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioa honako arrazoiengatik desegin beharko da:
a) Federazioaren onarpen ofiziala baliogabetzen bada.
b) Administrazio-egiteko publikoak behar bezala betetzea guztiz ezinezkoa bada.
c) Federazioko organoak gelditzen badira eta, horren ondorioz, bere funtzionamendua ezinezkoa bilakatzen bada.
d) Eskuordetutako egiteko publikoak betetzen ez baditu.
e) Beste kirol federazio batekin bat egiten badu.
f) Beste kirol federazio batean sartzen bada.
g) Indarrean dagoen legedian aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.
78. artikulua.– 1.– Lehendakariak Batzar Nagusiari deituko dio desegiteko erabakia har dezan. Erabakia bi hilabeteko denbora-epean hartu beharko du, desegitea eragiten duen arrazoia ezagutzen den unetik aurrera.
2.– Pertsona federatuek eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak lehendakariari Batzar Nagusira deitzea eskatu ahal izango diote, beren ustez aurreko artikuluan aipatutako arrazoiren bat egoten bada.
3.– Batzar Nagusirako deirik egiten ez bada, edo adostasunik lortzen ez bada, edo erabakia desegitearen aurkakoa bada, edozein federatuk edo eskumena duen kirol administrazioak berak federazioaren desegite judiziala eskatu ahal izango du.
4.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordea behartuta dago desegite judiziala eskatzera, federazioaren erabakia desegitearen aurkakoa bada, edo desegitea lortu ezin bada.
79. artikulua.– Behin federazioa deseginda, likidatzeko aldia hasiko da, bat-egitea edo desegiten den federazioaren aktibo eta pasiboaren lagapen orokorra gertatzen den kasuetan izan ezik.
80. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioa desegindakoan, likidazioan dagoen bitartean bere nortasun juridikoa mantenduko du. Fase horretan bere izenaren ondoan «likidazioan» jarri beharko du.
81. artikulua.– Federazioak likidazioan dela adierazten duen unetik aurrera Zuzendaritza Batzordeak bere egitekoak utziko ditu, eta likidatzaileek hartuko dituzte egitekoak. Hala eta guztiz ere, Zuzendaritza Batzordeko kideek likidazio eragiketak burutzerakoan parte hartu beharko dute.
82. artikulua.– 1.– Federazioaren Batzar Nagusiak likidatzaileak izendatu beharko ditu, eta kopurua beti bakoitia izango da.
2.– Likidatzaileak izendatzen nahiz kargutik kentzen direnean Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan jaso beharko da.
83. artikulua.– Federazioko likidatzaileen egitekoak ondorengoak izango dira:
a) Administrazio organoarekin batera bere egitekotan hastean federazioak duen hasierako balantzea onestea.
b) Federazioko liburuez eta gutunez arduratzea eta horiek zaintzea. Era berean, ondarearen segurtasuna bermatzea.
c) Federazioa likidatzeko egiteke dauden eragiketak, nahiz egin beharreko berriak burutzea.
d) Federazioaren ondasunak eta eskubideak besterentzea. Ondasun higiezinak nahitaez enkante publikoan salduko dira. Zuzeneko salmenta Eusko Jaurlaritzak baimentzen duen kasuetan bakarrik egin ahal izango da.
e) Transakzioak eta arbitrajeak adostea, federazioaren interesentzat komenigarria bada.
f) Hartzekodunei ordaintzea.
g) Federazioaren ordezkari izatea.
84. artikulua.– Likidazioa amaitutakoan, likidatzaileek azken balantzea egingo dute, eta Batzar Nagusian aurkeztuko da. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari bidaliko zaio.
85. artikulua.– Likidatzaileen egitekoa honako arrazoiengatik bukatuko da:
a) Likidazioa egitea.
b) Batzar Nagusiak emandako botereak baliogabetzea.
c) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak botereak baliogabetzea edo gaitasunik gabe uztea.
d) Epaileak erabakitzen badu.
86. artikulua.– Federazioak kaudimenik ez badu, likidatzaileek dagokion lehiaketa adierazpena berehala eskatu beharko dute.
87. artikulua.– Federazioa desegiten bada, batzorde likidatzaileak Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroari jakinaraziko dio honek inskripzioa bertan behera uzteari ekin diezaion.
X. TITULUA
ESTATUTUAK ETA ARAUTEGIAK
88. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren estatutuak ezohiko Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenek onartzen badute soilik aldatu ahal izango dira.
89. artikulua.– Estatutuen proiektua onartutakoan, Euskal Herriko Kirol Zuzendaritzari bidaliko zaio, hirurogei egun naturaleko denbora-epean, Batzar Nagusiak erabakia hartzen duen unetik aurrera.
90. artikulua.– Aipatu estutuak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan, eta Eusko Jaurlaritzak eskatzen duen euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira.
91. artikulua.– Federazioaren estatutuak indarrean sartzeko administrazioak onartu egin beharko ditu, eta gero Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.
92. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak gutxienez honakoak arautu beharko ditu:
a) Lehiaketa ofizialak antolatzeko eta garatzeko erregimena.
b) Diziplinazko erregimena.
c) Hauteskunde erregimena.
d) Gatazkak judizioz kanpo ebazteko erregimena.
e) Lizentzia erregimena.
93. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren arautegiak Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio honek onar ditzan, hirurogei egun naturaleko denbora-epean, Batzar Nagusiak onartzen dituen unetik aurrera.
94. artikulua.– Arautegiak onesteko eta aldatzeko xede horretarako deitutako ezohiko Batzar Nagusira bertaratutako kide gehienen aldeko botoa beharko da.
95. artikulua.– 1.– Federazioaren zirkularrak estatutuen eta arautegien indarraldia, ezarpena, interpretazioa nahiz federazioari dagozkion bestelako gaiak jakinarazteko erabiliko dira, baina ez dute berezko arau izaerarik izango.
2.– Federazioaren zirkularrek ez dute aurretiko administrazio onarpenik behar izango.
96. artikulua.– 1.– Lurralde eremu handiagoko federaziotako estatutuak eta arautegiak federazioari eta horretako kideei soilik aplikatu ahal izango zaizkie, euskal federazio hau federazio horietako kidea izateaz gainera hauen eskumeneko arloen inguruan bada. Kasu horretan, Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioak arau horiek zabaldu egin beharko ditu, federazioaren estamentu ezberdinek behar bezala ezagutu ditzaten. Arau horiek federazio honetako hizkuntza ofizialetakoren batean idatzi beharko dute.
2.– Lurralde eremu handiagoko kirol federaziotako gainerako arauak euskal federazio eta bere kideei dagokionean ez dira zuzenean aplikagarriak izango. Federazioaren beraren arautegira federazioak eta administrazioak onartzen dituztenean nahiz Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan izen-ematea burutzen denean soilik erantsiko dira.
3.– Autonomiaz gaindiko kirol-federazioen arauak ez zaizkie aplikatuko Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioari. Hala eta guztiz ere, arauak ere aplikatu ahal izango dira, baldin eta bere araudiaren erreferentzia adierazkorra badago, federatuak eta federatuak arauak behar bezala itzuli eta nahikoa hedatu badira.
XI. TITULUA
HIZKUNTZA NORMALIZAZIOA
97. artikulua.– Euskara eta gaztelania Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioaren hizkuntza ofizialak dira.
98. artikulua.– Boxeoaren eta hari lotutako Diziplinen Euskal Federazioko organoek federazioaren baitan hizkuntza normalizazioko pixkanakako prozesua bermatuko dute, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrean xedatutakoari jarraiki.
99. artikulua.– Federazioaren ziurtagiriak bi hizkuntzetan edo Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean eman ahal izango dira.
XII. TITULUA
GATAZKEN JUDIZIOZ KANPOKO EBAZPENA
100. artikulua.– Federazioaren eta bere federatu edo kideen artean, nahiz kideen artean gerta daitezkeen desadostasunak edo gai eztabaidagarriak Zuzenbide Arbitrajearen bidez ebatzi beharko dira, indarreko legedian, estatutu hauetan eta garapeneko arautegian ezarritako baldintzei jarraikiz.
101. artikulua.– Arbitraje bidez, edo, oro har, gatazkak judizioz kanpoko ebazpenen bidez konpon daitezkeen desadostasunak edo gai eztabaidagarriak Kirola Arbitratzeko Euskal Epaimahaian aurkeztuko dira.
102. artikulua.– Administrazioak Federazioari eskuordetutako egiteko publikoak betetzearekin zerikusia duten gaiak, eta legeriak espresuki kanpo utzitako arbitrajekoak nahiz lege arlokoak ez beste guztiak bide horren bidez ebatziko dira.
103. artikulua.– Federazioko federatu edo kide orok, estatutu hauek onartzen diren egunetik edo lizentzia lortzen duen egunetik hilabete batera espresuki uko egiten ez badio, estatutu hauetan eta garapeneko arautegian aurreikusitako arbitraje-sistemaren eta gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemaren mende egongo da.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25. artikuluan aurreikusitako lizentzien zehaztapen teknikoak onartu arte federazioak lizentziak egoki deritzon formatuarekin ematen jarraitu ahal izango du.
Bigarrena.– Estatutu hauetako 27. eta 37. artikuluetan xedatutako agintaldien mugek ez dute eraginik izango estatutu hauek indarrean sartzean zeuden karguetan, eta ondorioz, kargu horiek gaur egungo agintaldiak bukatu ahal izango dituzte. Kargu horiei hurrengo hauteskunde-prozesuei dagokionean aipatu mugak soilik aplikatuko zaizkie.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira Federazioko estatutuak zein hauek izenpetuak nahiz argitaratuak izan diren dataraino indarrean egon baitira.
AZKEN XEDAPENA
Estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko dira indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko uztailak 26an.