EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017210

ERABAKIA, 2017ko irailaren 28koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen nazioarteko mugikortasun programei buruzko arautegia onartzeko.

Xedapenaren data: 2017-09-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201705266
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2004/02/06an argitaratutako 2004/01/08ko EBAZPENA indargabetzen du [200400714]

Lehenengoa.– Gobernu Kontseiluaren eskumenetako bat da «Araugintzarako ahalmena erabiliz, estatutu hauek garatu eta aplikatzeko arauak nahiz unibertsitatearen antolamendurako arauak onartzea, Estatutuetan aurreikusita egon zein ez, bai eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean aplikatzeko bestelako arauak onartzea ere» (Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak onartzeko otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren 177.1.b artikulua), aldez aurretik arauak eta arautegiak egiteko prozedura tramitatuta, zeina araututa baitago Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendu Arautegiaren II. kapituluaren II. tituluan.
Bigarrena.– Espedientea izapidetu ondoren, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen nazioarteko mugikortasun programei buruzko arautegiaren proposamenaren gaineko iritzia eman dute bai Lege Zerbitzuak bai Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak.
Hori guztia kontuan hartuta, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak honakoa
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Aurkeztutako testuari zuzenketak egiteko epe bat irekitzea, urriaren 16ra arte, hura barne.
Bigarrena.– Adierazitako epean zuzenketak aurkeztu ezean, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen nazioarteko mugikortasun programei buruzko arautegia onartutzat hartuko da, erantsitako dokumentuan zehaztutako baldintzetan.
Hirugarrena.– Behin onartuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Laugarrena.– Arautegi hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Leioa, 2017ko irailaren 28a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko UnibertsitateKO IKASLEEN NAZIOARTEKO MUGIKORTASUN PROGRAMEI BURUZKO ARAUTEGIA
Ikasleen mugikortasuna unibertsitateko ikasleen eskubide bezala eratzen da, 6/2001 Legean, haren 88. artikuluak mugikortasuna bultzatzea agintzen baitu. Gero, 2010eko amaieran, mugikortasun programetan parte hartzeko unibertsitateko ikasleen eskubidea aitortzen duen Unibertsitateko Ikasleen Estatutua argitaratzeak eskubide hori gauzatzea erraztu zuen, oinarrizko esparrua eta kredituak aitortzeko prozedurak arautu baitzituen.
Zentzu horretan, 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasketa ofizialen antolakuntza ezartzen duenak, 6. artikuluan Kredituak Aitortzeko eta Transferitzeko sistema berria arautzen du, eta sistema horrek ordezkatzen ditu unibertsitate ikasketak baliokidetzeko prozesuak. Unibertsitateei kredituak aitortzeari eta transferitzeari buruzko arautegi bat egiteko eta argitaratzeko agindu zitzaien, ikasleen mugikortasuna bultzatzeko. Horretarako, Errege Dekretuak irizpide orokor batzuk ezartzen ditu 6. artikuluan, eta graduko tituluetarako irizpide espezifiko batzuk, berriz, 13. artikuluan.
Eskakizun horri erantzuteko, gure unibertsitateak Graduko ikasketetan kredituak transferitzeko eta aitortzeko arautegi berria onartu zuen (Gobernu Kontseiluak 2012-04-27an onartutakoa), eta haren 9. eta 10. artikuluek mugikortasun eskubidearen ondorioak arautzen dituzte. Arautegi honek prozedura batzuk ezarri nahi ditu, aipatutako funtsezko arauetan antolatutako printzipioak gauzatu ahal izateko, erantzukizunen esparru bateratu bat ezartzeko eta mugikortasun programen garapena errazteko.
I. TITULUA
PRINTZIPIO OROKORRAK
1. artikulua.– Helburua.
Arautegi honen helburua da gradu, master eta/edo doktoregoko ikasketen parte bat beste unibertsitate batzuetan egitea erabakitzen duten ikasleen estatutua arautzeko araubide juridikoa bateratzea eta osatzea. Mugikortasun hori Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea parte den truke programa edo hitzarmen babesean egingo da, mugikortasun politika orokorrak garatzeari begira eta gestio akademikoko araudiarekin bat etorrita.
2. artikulua.– Aplikazio eremua.
Arautegi hau aplikatuko zaie:
1.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak izenpetutako nazioarteko mugikortasun programen edo erakunde arteko hitzarmenen esparruan edo truke sareetan parte hartuta, beste herrialde batzuetako unibertsitate, erakunde edo enpresetan egonaldiak egiten dituzten ikasleei, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasketa ofizialetan matrikulatuta egonda. Mugikortasun birtuala arautegi honen aplikazio eremuaren barruan geratuko da.
2.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako nazioarteko mugikortasun programen edo erakunde arteko hitzarmenen testuinguruan, beste herrialde batzuetako unibertsitateetatik etorri, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak edo praktikak egiten dituzten ikasleei.
3.– Arautegi honen aplikazio eremutik kanpo geratzen dira nazioarteko mugikortasun programetatik edo hitzarmenetatik kanpo Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek beste herrialde batzuetako erakundeetan egin ditzaketen jarduerak, baita beste herrialde batzuetako ikasleek gure unibertsitatean egin ditzaketenak ere.
Beste erakunde batzuen araudia duten eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartzen duen programetan, arautegi hau osagarria izango da.
3. artikulua.– Definizioak.
1.– Nazioarteko mugikortasuna: ikasketak egiten diren herrialdea ez den beste herrialde bateko unibertsitate, erakunde edo enpresa batean egindako aldi baterako egonaldia, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak izenpetutako mugikortasun programen edo erakunde arteko hitzarmenen esparruan egindakoa, jatorrizko erakundean balio akademikoren bat izango duten emaitzak emango dituen prestakuntza programa bat garatzeko. Egonaldi horren xedea ez da izango atzerriko erakundean tituluren bat lortzea. Nolanahi ere, ez dago eragozpenik mugikortasun berean atzerriko unibertsitatean titulu ofizialen bat lortzeko, baldin eta horretarako hitzarmenen bat balego (matrikularen tasak soilik Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean ordaintzen direnean, betiere).
Ohiko mugikortasunaren oinarriak honako hauek dira: erakunde sinatzaileen arteko elkarrekikotasuna, matrikula tasa edo prezioen doakotasuna atzerriko unibertsitateetan, non eta erakundeen arteko akordioak besterik ezartzen duen, eta egonaldian lortutako kredituen aitortza.
Mugikortasun birtuala mugikortasun modalitate bat da, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien (IKT) erabileraren bidez beste unibertsitate batean aldi baterako egonaldi fisikoa ordezkatzen duena. Mugikortasun fisikoaren onura berberak lor daitezke, lekualdatzeko beharra izan gabe.
2.– Erakunde arteko hitzarmena: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak eta unibertsitate, erakunde edo enpresa batek edo gehiagok ikasleen nazioarteko mugikortasuna arautzeko sinatutako akordioa da.
3.– Kupo orokorreko truke hitzarmena: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako truke hitzarmenak dira, ikastegi bakoitzerako plaza esleituak ez dituztenak.
4.– Ikastegiko truke hitzarmena: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako truke hitzarmenak dira, adostutako plazak ikastegi parte hartzaile baten edo batzuen interesak biltzen dituen eranskin baten arabera banatzen dituztenak.
5.– Nazioarteko mugikortasun programa: ikasleen nazioarteko mugikortasunerako ekintza plana, hainbat herrialdetako unibertsitate edo erakundeen arteko akordio multzo batean oinarritzen dena.
6.– Ikasketak egiteko nazioarteko mugikortasun ikaslea: nazioarteko mugikortasun programa baten edo erakunde arteko hitzarmen baten esparruan, ikasketen parte bat beste herrialde bateko unibertsitate batean egiten duen ikaslea. Ikasketa horiek aitortza akademikoren bat eduki behar dute ikaslearen jatorrizko unibertsitatean, baina ez dute balio atzerriko unibertsitatean titulu ofizial bat lortzeko.
7.– Praktikak egiteko nazioarteko mugikortasun ikaslea: nazioarteko mugikortasun programa edo erakunde arteko hitzarmen baten esparruan praktikaldia beste herrialde bateko unibertsitate, erakunde edo enpresa batean egiten duen ikaslea edo gradudun berria.
8.– Kanpora doan ikaslea: beste herrialde bateko unibertsitate, erakunde edo enpresa batean nazioarteko mugikortasuna egiten duen Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikaslea.
9.– Kanpotik datorren ikaslea: beste herrialde bateko unibertsitate batetik etorri eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean nazioarteko mugikortasun bat egiten duen ikaslea.
10.– Mugikortasun koordinatzailea: ikastegian nazioarteko mugikortasun ikasleak babestu edo zaintzeko erantzukizunak dituen dekanordea, zuzendariordea edo zuzendaritzako kidea.
11.– Hitzarmen akademikoa: ikasleak atzerriko unibertsitatean egingo dituen irakasgaiak, gaiak eta jarduerak modu loteslean biltzen dituen dokumentua da, eta bertan ere adierazten da jatorrizko unibertsitateko ikasketa planaren irakasgaiekiko baliokidetasuna, edukiari, eskola orduei eta iraupenari dagokienez. Dokumentu hau ikasleak egindako nazioarteko mugikortasunaren aitortza akademikoa egiteko oinarria da, eta ikasleak eta jatorrizko nahiz atzerriko erakundeetako mugikortasun arduradunek sinatuta egon beharko du.
12.– Praktiken akordioa: ikasleak atzerriko unibertsitatean, erakundean edo enpresan egingo dituen praktikak edo jarduerak modu loteslean biltzen dituen dokumentua da, eta bertan ere adierazten da jatorrizko unibertsitateko ikasketa planaren irakasgaiekiko baliokidetasuna, edukiari, eskola orduei eta iraupenari dagokienez, baldin eta praktikak plan horren barruan sartuta badaude. Dokumentu hau ikasleak egindako nazioarteko mugikortasunaren aitortza akademikoa egiteko oinarria da, eta ikasleak eta jatorrizko nahiz atzerriko erakundeetako mugikortasun arduradunek sinatuta egon beharko du.
13.– Aitortza akademikoa: nazioarteko mugikortasunean lortutako emaitza akademikoak jatorrizko unibertsitatearen ikaslearen espedientean sartzea da, praktiken edo hitzarmen akademikoa oinarri hartuta.
II. TITULUA
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko IKASLEEN NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNA: KANPORA DOAZEN IKASLEAK
4. artikulua.– Kanpora doazen ikasleen eskubideak.
Kanpora doazen ikasleek eskubide hauek izango dituzte:
a) Ikasleen nazioarteko mugikortasun eskumena duen errektoreordetzak eta dagokien ikastegiek deialdiei, laguntzei, baldintzei eta beharrezkoak diren izapide administratiboei buruzko informazioa emateko eskubidea, nazioarteko mugikortasuna behar bezala planifikatu eta antolatzeko.
b) Ikastegian aholkularitza jasotzea, nazioarteko mugikortasunean egindako ikasketen ikasketa planei, baldintzei eta ikasketak aitortzeko baldintzei buruz, eta egonaldian laguntza jasotzea, haren aprobetxamendu egokirako.
c) Praktiken edo ikasketen hitzarmen bat egitea, non atzerriko unibertsitatean, erakundean edo enpresan egin beharreko programa jasoko den.
d) Akordioa aldatzea, arautegi honetan jasotako baldintzetan.
e) Atzerriko unibertsitate, erakunde edo enpresan egindako ikasketak, jarduerak edo praktikak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean egiten ari diren ikasketa planaren parte gisa aitortzea, hitzarmenean aurreikusitako baldintzetan. Kanpoan lortutako kalifikazioak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean erabilitako kalifikazio sistemara egokituko dira.
f) Egindako mugikortasun programak eta lortutako emaitza akademikoak tituluaren gehigarri europarrean jasotzea, baita egindako ikasketei lotutako jarduera akademikoak ere, hitzarmenaren parte ez badira eta atzerriko unibertsitateak egiaztatzen baditu.
g) Mugikortasunerako laguntza ekonomikoak jasotzea, nazioarteko mugikortasun plaza lortzeko deialdian ezarritako baldintzetan.
h) Aurreko atalean jasotako mugikortasun laguntzekin eta mugikortasunarekin berarekin bateraezinak ez diren bekak edo laguntza ekonomikoak mantentzea.
5. artikulua.– Kanpora doazen ikasleen betebeharrak.
Kanpora doazen ikasleek betebehar hauek izango dituzte:
a) Atzerriko unibertsitatearen ikasketa planei, eskakizunei eta baldintzei buruz informatzea, mugikortasun koordinatzaileen aholkularitzaz.
b) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean eta atzerriko unibertsitate, erakunde edo enpresan eskatutako dokumentuak betetzea eta aurkeztea, ezarritako modu eta epe ofizialetan.
c) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean hitzarmenean jasotako irakasgai, ikastaro edo jardueretan matrikulatzea, baita halakorik bada, hitzarmenaren aldaketatik eratorritakoetan ere, eta zerbitzu akademikoengatiko prezio publikoak ordaintzea, ezarritako epe ofizialetan.
d) Atzerriko herrialdean osasun estaldura edukitzea, egonaldiak iraun bitartean, baita unibertsitateak, erakundeak edo enpresak eska dezaketen beste edozein estaldura osagarri ere.
e) Dagozkion izapideak egitea, haren egoera juridikoa atzerriko herrialdean indarrean dagoen legedira egokitu dadin.
f) Irakaskuntza jasoko den edo praktikak egingo diren hizkuntzaren gaitasuna egiaztatzea, dagokion programa edo hitzarmenaren arabera edo atzerriko unibertsitateak, erakundeak edo enpresak eskatutakoaren arabera.
g) Egonaldian Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean trukerako matrikulatutako kredituen erdiak, gutxienez, gainditzea. Erdiak gainditzen ez badira, mugikortasunerako jasotako laguntzak itzultzea erreklamatuko da.
h) Atzerriko unibertsitate, erakunde edo enpresara sartzea, hark ezarritako datan, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen dokumentuen bidez sarrera horren berri ematea, dagokion mugikortasun programan edo hitzarmenean ezarritako epeetan.
i) Atzerriko unibertsitate, erakunde edo enpresaren arauak betetzea.
j) Praktiken edo hitzarmen akademikoan adostutako mugikortasun programa betetzea, azterketak eta beste ebaluazio modu batzuk barne hartuta.
6. artikulua.– Kanpora doazen ikasleentzako mugikortasun modalitateak.
Kanpora doazen ikasleentzat bi mugikortasun modalitate hauek bereizten dira:
a) Ikasketak egiteko nazioarteko mugikortasuna.
b) Praktikak egiteko nazioarteko mugikortasuna.
7. artikulua.– Mugikortasunaren araubide akademikoa.
1.– Izenpetutako nazioarteko mugikortasun programen edo erakunde arteko hitzarmenen esparruan, nazioarteko mugikortasun deialdiek parte hartzeko baldintzak eta hautaketa irizpideak jaso beharko dituzte, baita erreklamazioak aurkezteko erregimena ere. Mugikortasun horrek ikaslearen tituluaren prestakuntza akademikoari eta beste prestakuntza arlo integral batzuei erantzungo die.
2.– Graduko ikasketen ikasleek lehentasunez ikasketen bigarren erdian egin ahal izango dituzte nazioarteko mugikortasunak.
3.– Nazioarteko programak edo hitzarmenak besterik ezarri ezean, nazioarteko mugikortasunek, ikasturte bakoitzeko eta oro har, gutxienez hiru hilabete eta gehienez ikasturte oso bat iraungo dute, hirurogei eta laurogeita hamar kreditu bitarteko masterren kasuan izan ezik, halakoetan mugikortasuna gehienez lauhileko batekoa izango baita. Praktiketarako mugikortasunetan, gutxieneko iraupena bi hilabetekoa izango da. Hasiera batean muga hori ez da kontuan hartuko doktoregoen mugikortasunerako, zeina; edonola ere, dagokion programan arautuko baita.
Modu berean, titulu bikoitzeko programei lotutako egonaldiak horrelako tituluak arautzen dituzten hitzarmenen arabera arautuko dira, eta iraupena luzeagoa izan daiteke, nahiz eta arautegi honen ondorioetarako urtebetekoak izango diren gehienez.
4.– Nazioarteko mugikortasunen bidez ikasketa planetan ikasleak gainditutako kredituen baturak ezin du gainditu dagokion titulua lortzeko beharrezkoak diren kredituen erdia, non eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartzen duen nazioarteko titulu bikoitzak, anizkunak edo bateratuak diren; izan ere, horrelakoak beren hitzarmenetan zehaztutakoaren arabera arautuko dira. Kreditu kopurua alde batera utzita, truke programa bakoitzak ezarriko du bere babesean ikasle batek mugikortasun ekintzetan zenbat aldiz parte har dezakeen gehienez. Nazioarteko harremanen eskumena duen Errektoreordetzak kudeatutako programetako bitan parte hartu ahal izango da, gehienez ere, titulu bakoitzeko, baina ikasturte desberdinetan.
5.– Ikasketak egiteko nazioarteko mugikortasunetan, akordioak eskola ordu hauei dagozkien kredituak aurreikusi beharko ditu gutxienez: ikaslearen ikasketa planaren irakasgaien berrogeita zortzi kreditu, ikasturte osoko egonaldietan, hogeita lau kreditu, lauhileko egonaldietan, eta hamabi kreditu, hiruhilekokoetan. Gehieneko eskola orduak, oro har, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko iraunkortasun arauetan zehaztutakoak izango dira; nolanahi ere, gomendagarria da hirurogei kreditukoa izatea ikasturte osorako, hogeita hamar kreditukoa lauhileko baterako, eta hamabost kreditukoa hiruhileko baterako.
6.– Hitzarmen akademikoan ezin izango dira sartu Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean «gainditua» edo «gutxiegi» gisa kalifikatuta dauden irakasgaiak, eta ezingo da eskatu ere irakasgai horiek onartzea atzerriko unibertsitatean egindako beste batzuengatik.
7.– Nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen duten ikasleek ez dute nahitaez matrikulatu beharko gainditu gabeko irakasgaietan, beste batzuetan lehenengoz matrikulatzeko baldintza gisa.
8.– Atzerriko unibertsitatean hitzarmenaren barruan sartutako irakasgaien deialdiei dagokienez, unibertsitate horretan irakasgai horietarako eta mugikortasuna egiten den ikasturtean egiten diren deialdietara aurkezteko eskubidea izango du ikasleak.
9.– Mugikortasunaren ikasturtean, ikasleak hitzarmenean jasotako irakasgaiak atzerriko unibertsitatean gainditu ez baditu edo deialdietara aurkeztu ez bada, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean ez du horien azterketa egiteko eskubiderik izango. Edonola ere, ikasleak gainditu ez badu eta egonaldia amaitu ondoren atzerriko unibertsitatearen deialdira aurkeztu nahi badu, urruneko azterketa egin ahal izango du Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean, baldin eta horretarako baldintzak bideragarriak badira, atzerriko unibertsitateak aukera ematen badu eta dagokion dokumentazioa ematen bazaio ikastegiko nazioarteko mugikortasuneko arduradunari edo haren ordezkoari. Hori eginez gero, atzerriko unibertsitatearen ardura izango da bai proba prestatzea bai ebaluatzea.
Salbuespen gisa, atzerriko unibertsitatean gainditu ez den irakasgaia Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean dagokion titulua amaitzeko ikasleari geratzen zaion irakasgai bakarraren baliokidea bada, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko deialdi batean azterketa egin ahal izango du, betiere irakasgai baliokideak 12 kreditu baino gehiago ez baditu. Ikasketak amaitzeko irakasgai bakarra kontsideratzeari begira, ez dira kontuan hartutako praktiketako kredituak, gradu amaierako lana, kanpoko praktikak edo ikasketa planetan irakasgai baliokide gisa sartutako irakasgaiak.
10.– Nazioarteko mugikortasun programak edo erakunde arteko hitzarmenak kontrakorik ezarri ezean, atzerriko unibertsitateak ez dizkie zerbitzu akademikoengatik prezio publikoak ordainaraziko hartutako ikasleei, jatorrizko unibertsitatean ordainduko baitira.
8. artikulua.– Nazioarteko mugikortasun plazen deialdietan parte hartzeko baldintza orokorrak.
Truke ekintza batean parte hartzeko ezinbesteko baldintza da aldez aurretik erakundeen artean aldebiko edo alde askotako akordio bat izatea edo Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak edo haren ikastegi batek truke sare batean parte hartzea. Baldintza hori betetzen ez duen eskaerarik ez da onartuko.
1.– Erasmus ikasketa edo praktiketarako mugikortasun programan parte hartzeko, beharrezkoa izango da programaren berezko arautegiak ezarritako eskakizunak betetzea. Nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordetzaren berezko programetan parte hartzeko, dagokion hitzarmenak edo programak ezarritako baldintza akademiko orokorrak eta, hala badagokio, hizkuntzakoak betetzeaz gainera, beharrezkoa izango da naziotasun espainiarra izatea, Europa Batasunaren herrialde bateko kidea izatea edo hirugarren herrialde batekoa, ikasketak direla-eta Espainian egonaldi edo bizilekua izateko baimena izanda mugikortasunak irauten duen aldi osorako.
2.– Bai mugikortasun eskaera egiteko unean bai atzerriko unibertsitateko egonaldian, ikasleak matrikulatuta egon beharko du atzerrian egingo dituen ikasketak baliokidetuko dituen Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen tituluan.
Aurrekoa gorabehera, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko graduko ikasketa ofizialen azken mailan matrikulatutako ikasleek 60 kredituko masterretarako nazioarteko mugikortasun deialdietan parte hartu ahal izango dute. Horrelakoetan, plaza emateko baldintza izango da ikaslea masterrean onartua izatea eta matrikulatzea.
Praktiketarako mugikortasun ikasleen kasuan, praktikak egingo dituzten unibertsitate, enpresa edo erakundearen onarpena izan beharko dute, praktikak egiten hasi aurretik.
3.– Harrerako erakundeak hizkuntza ezagutzari buruz ezar ditzakeen baldintzak betetzea.
4.– Kanpotik datozen ikasleek ezingo dute parte hartu Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen nazioarteko mugikortasun deialdietan.
9. artikulua.– Nazioarteko mugikortasun plazen deialdietan parte hartzeko baldintza espezifikoak.
1.– Modu osagarrian, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko master eta graduko titulu ofizialen berezitasun akademikoei erreparatuta, unibertsitate ikastegiek, beren kide anitzeko gobernu organoaren bidez, beren titulu guztietan edo batzuetan parte hartzeko baldintza espezifikoak onartu ahal izango dituzte, errektoreordetzak zehaztutako nazioarteko mugikortasun plazen deialdietan. Baldintza horiek ezin izango dira permisiboagoak izan errektoreordetzak ezarritakoak baino.
2.– Ikastegiek parte hartzeko baldintza espezifikoen berri emango diete ikasleei, informazioa zabaltzeko ezarritako bitartekoen bidez.
10. artikulua.– Nazioarteko mugikortasun plazen deialdietan parte hartzen duten ikasleak hautatzeko irizpide orokorrak.
1.– Nazioarteko mugikortasun programetan edo erakunde arteko hitzarmenetan ezarritakoaren arabera, mugikortasun plazetarako deialdiek ikasleak hautatzeko irizpideak zehaztuko dituzte, eta horietako bat izango da eskatzailearen espediente akademikoaren batez besteko nota, egiten ari den ikasketetan eta laguntza eskatzen duen arloan.
2.– Hirurogei kredituko unibertsitate master ofizialen ikasketen mugikortasunak direnean, batez besteko nota ikasleari masterrerako sarbidea ematen dioten ikasketak aintzat hartuta kalkulatuko da.
3.– Ikasle gehiagoren parte hartzea bermatzeko, dagokion erakunde arteko hitzarmen edo nazioarteko mugikortasun programaren testuinguruan eta ikasketa ziklo berean, aurretik nazioarteko mugikortasunik egin ez dutenei emango zaie lehentasuna deialdietan.
4.– Berdinketak ematen direnean, mugikortasuna eskatzen den ikasketetan kreditu gehiago gaindituta dituenaren alde egingo da.
11. artikulua.– Nazioarteko mugikortasunerako laguntza ekonomikoak.
1.– Nazioarteko mugikortasunerako plazen deialdiek atzerriko plazak esleituko dituzte, eta ez dute finantzaketa bermatuko.
2.– Nazioarteko mugikortasunerako laguntza ekonomikoen esleipena arautuko da, deialdian eta dagokion nazioarteko mugikortasun programan edo erakunde arteko hitzarmenean ezarritakoaren arabera.
12. artikulua.– Hitzarmen akademikoa.
1.– Hitzarmen akademikoa unibertsitate parte hartzaileen malgutasunean eta elkarrekiko konfiantzan oinarrituko da, eta bat etorriko da gaian indarrean den araudiarekin eta nazioarteko mugikortasun programan edo erakunde arteko hitzarmenean araututakoarekin. Akordioa egitean, aintzat hartuko da irakasgaien eta programen arteko antzekotasuna, baita garatu beharreko jarduera akademikoen eta eskuratu beharreko gaitasunen prestakuntza balio osoa ere.
2.– Atzerriko unibertsitatean egindako ikasketen aitortza akademikoa lortzeko, ikasleak aitortu nahi dituen irakasgai guztiez matrikulatu beharko da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean, hitzarmenean zehaztutako baldintzetan.
3.– Hitzarmenean ikaslearen ikasketa planaren oinarrizko prestakuntzako irakasgaiak, nahitaezkoak, hautazkoak, praktikak eta gradu edo master amaierako lanak sartu ahal izango dira, non eta ikastegiak kontrakoa ezartzen duen.
4.– Ikasleak mugikortasun koordinatzailearekin adostuko du atzerriko unibertsitatean egin beharreko hitzarmena.
5.– Atzerriko unibertsitatearen kalifikazio sistema Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearenaz bestelakoa denean, mugikortasun koordinatzaileak kalifikazioen baliokidetasunari buruzko informazioa eman beharko dio ikasleari, hitzarmena sinatu baino lehen.
6.– Behin finkatuta, hitzarmena sinatu beharko dute ikasleak, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiko nazioarteko mugikortasun koordinatzaileak eta atzerriko unibertsitateko agintari akademiko eskudunek.
7.– Hitzarmena egonaldia hasi aurretik sinatu beharko da; edonola ere, ikasleari egotz ezin dakizkiokeen salbuespenezko inguruabarrak ematen badira, ikaslea atzerriko unibertsitatean egonaldia hasi ondoren sinatu ahal izango da. Behin sinatuta, loteslea izango da, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean aitortua izateari begira.
8.– Hitzarmenean aldaketak egin ahal izango dira atzerriko unibertsitatean sartu eta hilabeteko epean, baldin eta hasieran aurreikusitako jarduera akademikoen eta unibertsitate horretan benetan eskainitakoen artean desadostasunik bada, prestakuntza jardueren hasierako aukeraketa bidera ezina dela egiaztatzen bada edo behar bezala justifikatutako bestelako arrazoirik ematen bada. Ikasturte osoko egonaldiak direnean, ikasleek bigarren lauhilekoa hasi eta hilabeteko epea izango dute ere, lauhileko horren irakasgaiak aldatzeko.
Behin aldaketak adostuta, hitzarmen akademikoa sinatu beharko dute ikasleak, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiko nazioarteko mugikortasun koordinatzaileak eta atzerriko unibertsitateko agintari akademiko eskudunek. Hitzarmenaren aldaketak, behin formalizatuta, horren parte izango dira, eta izaera loteslea izango dute Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean aitortza akademikoa lortzeari begira.
9.– Egonaldia luzatzea eta horren eraginak konpromiso akademikoan.
Atzerriko herrialdean egonaldia luzatu nahi duten ikasleek horretarako baimena eskatu beharko diete jatorrizko eta harrerako unibertsitateetako arduradunei. Baimena idatziz eman beharko da.
Bi arduradunek baimena eman ondoren, atzerriko unibertsitatean egingo diren irakasgaien kopurua adostutakoa baino handiagoa izango denez, ikasleak ikasketen hitzarmen zabalagoa negoziatuko du, unibertsitateek onarpena eman eta hilabeteko epean. Hitzarmenaren aldaketak, behin formalizatuta, horren parte izango dira, eta izaera loteslea izango dute Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean aitortza akademikoa lortzeari begira.
10.– 6. Eta 8. Ataletan adierazitako sinaduretako baten bat falta bada, hitzarmenak akademikoki loteslea izateari utziko dio.
11.– Hitzarmena eta haren aldaketak ezin izango dira sinatu, inola ere, atzerriko unibertsitatean azterketen aldia hasi denean.
13. artikulua.– Praktiken hitzarmena.
1.– Praktikak egiteko nazioarteko mugikortasun bat egiten duten ikasleek praktiken hitzarmen bat eduki beharko dute.
2.– Behin finkatuta, praktiken hitzarmena sinatu beharko dute ikasleak, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiko nazioarteko mugikortasun koordinatzaileak eta atzerriko unibertsitateko agintari akademiko eskudunek. Praktiketarako nazioarteko mugikortasun koordinatzailerik ez dagoen kasuetan, praktiken tutoreak/irakasleak sinatuko du haren ordez.
3.– Ikaslea atzerriko erakundera iristean, beharrezkotzat jotzen den hitzarmenaren berrikuspen oro zehaztu eta formalizatu beharko da ikaslea erakundera sartu eta hilabeteko epean.
4.– Artikulu honetan ezarritakoa alde batera utzita, praktiken hitzarmenari aurreko artikuluan ikasketen hitzarmenerako ezarritakoa aplikatuko zaio.
14. artikulua.– Ikasketak egiteko mugikortasunaren aitortza akademikoa.
1.– Behin egonaldia amaituta, ikasleak atzerriko unibertsitatean egindako jarduera akademikoak aitortu, eta haren espedientean sartuko dira Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean, lortutako kalifikazioak barne, hitzarmen akademikoan eta noten ziurtagirian jasotakoa oinarri hartuta.
2.– Ikasle baten mugikortasun programak eta emaitza akademikoak tituluaren gehigarri europarrean sartuko dira, baita hitzarmenaren barruan sartuta ez dauden eta atzerriko unibertsitateak egiaztatzen dituen jarduerak ere.
3.– Atzerriko unibertsitatean gainditu ez diren irakasgaiak ikaslearen espedientean sartuko dira, eta kontuan hartuko dira kontsumitutako deialdien kopurua zenbatzeari begira.
4.– Atzerriko unibertsitateak igorritako ziurtagirian hitzarmen akademikoaren irakasgairen baten kalifikazioa edo emaitza agertzen ez bada, irakasgai hori «Ez aurkeztu» gisa azalduko da aitortza akademikoari buruzko erabakian.
5.– Atzerriko unibertsitatean ikasleak gainditutako irakasgai batek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen hainbat irakasgairen aitortza baldin badakar, irakasgai horien kalifikazioa bat etorriko da aipatutako irakasgaian lortutakoarekin.
6.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean irakasgai baten aitortza lortzeko atzerriko unibertsitatean hainbat irakasgai egin behar badira, unibertsitate horren irakasgaien kreditu kopuruaren batez besteko haztatuaren arabera lortuko da lehenengo irakasgaiaren kalifikazioa. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean irakasgaia gainditzeko, hamarretik lau puntu eduki behar dira gutxienez atzerriko unibertsitatearen irakasgai bakoitzean, kalifikazioen baliokidetasuna egin ondoren, eta batez besteko haztatuaren emaitzak, gutxienez, bost puntukoa izan behar du.
7.– Ikasleek lortutako kalifikazioetan Espainiako kalifikazio sistemaren «ohorezko matrikula» aipamenaren baliokide izan daitekeen ohorezko aipamenik egonez gero, horrelakotzat onartuko dira ikaslearen espedientean.
8.– Aitortzapean dauden Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasgaiak aparteko akta batean jasoko dira, zeina ikastegiko nazioarteko mugikortasun koordinatzaileak sinatu beharko baitu.
9.– Ikaslearen espediente akademikoan aitortutako irakasgaiak atzerriko unibertsitatean (haren izena zehaztuko da) egin direla adieraziko da, dagokion mugikortasun programa edo erakunde arteko hitzarmenaren esparruan.
10.– Nazioarteko mugikortasunaren bidez egindako ikasketen aitortza akademikoarekin edo kalifikazioen baliokidetasunarekin ados egon ezean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, ikastegiko dekano edo zuzendariaren aurrean. Erabaki horren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da, errektorearen aurrean.
15. artikulua.– Praktikak egiteko mugikortasunaren aitortza akademikoa.
1.– Ikaslearen ikasketa planaren parte diren eta atzerriko unibertsitateak, erakundeak edo enpresak praktiken hitzarmenean ezarritakoaren arabera egiaztatzen dituen praktikak aurreko artikuluan adierazitako baldintzetan aitortuko dira.
2.– Ikaslearen ikasketa planetan sartuta ez dauden eta atzerriko unibertsitateak, erakundeak edo enpresak praktiken hitzarmenean ezarritakoaren arabera egiaztatzen dituzten praktikak tituluaren gehigarri europarrean sartuko dira, egresatuek egin dituztenean izan ezik.
III. TITULUA
ATZERRIKO UNIBERTSITATEETATIK Universidad del País Vasco / Euskal Herriko UnibertsitateaRA ETORRITAKO IKASLEEN NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNA: KANPOTIK DATOZEN IKASLEAK
16. artikulua.– Kanpotik datozen ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kanpotik datozen ikasleek, egonaldian, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte, gobernu eta ordezkaritza organoetan parte hartzeari buruzkoak salbuetsita.
2.– Kanpotik datozen ikasleek osasun estaldura eduki beharko dute Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean ikasten igarotzen duten denboraldi osoan, baita unibertsitateak eska diezaieketen beste edozein estaldura edo aseguru gehigarri ere.
3.– Era berean, atzerritartasun gaiei buruzko Espainiako araudian ezarritako izapide guztiak egin beharko dituzte, haien egoera juridikoa Espainian indarrean dagoen legediaren eskakizunetara egokitu dadin, haien jatorria eta egonaldi modalitatea aintzat hartuta.
17. artikulua.– Kanpotik datozen ikasleen onarpena.
1.– Beste herrialde batzuetako unibertsitateetako ikasleek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean nazioarteko mugikortasunak egin ahal izango dituzte, baldin eta beren unibertsitateak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako nazioarteko mugikortasun programetan edo erakunde arteko hitzarmenetan ezarritako eskakizun orokorrak, akademikoak eta, hala behar bada, hizkuntzakoak betetzen badituzte, programaren erakunde arduradunak horretarako hautatu edo jatorrizko unibertsitateak izendatu baditu eta beren hitzarmena akademikoki Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean bideragarria bada.
2.– Dagokion nazioarteko programak edo hitzarmenak ezarritako epean eta moduan, programaren erakunde arduradunek edo ikasleen jatorrizko unibertsitateek mugikortasun programan parte hartzeko aukeratutako ikasleen zerrenda bidaliko diote errektoreordetzari edo, hala behar bada, ikastegiari.
3.– Ikasleak onartzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegien eta nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordetzaren ahalmena da. Onarpena «onarpen gutunaren» bidez ematen da, eta ikastegiko nazioarteko mugikortasun koordinatzaileak sinatuko du, ikastegiek emandako plazen kasuan, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Mugikortasun Programen arduradunak, errektoreordetzak berak emandako plazen kasuan. Onarpenak ez du esan nahiko ikasleak indarrean den legediaren arabera dagozkion ikasketak egiteko baldintzak betetzen dituenik.
4.– Kanpotik datozen ikasleek, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean enpresa gisa praktikak egin ahal izateko, bertako ikastegi, sail, institutu edo administrazio unitate batek onartu beharko ditu, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanen Bulegoari jakinarazi beharko diote.
18. artikulua.– Eskaintza akademikoa.
Kanpotik datozen ikasleek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketa ofizialetan eskainitako modulu, gai edo irakasgai praktiko nahiz teorikoen kredituak egin ahal izango dituzte, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin izenpetutako nazioarteko programan edo erakunde arteko hitzarmenean adostutako baldintzetan. Edonola ere, ahalmen arrazoiak direla eta, irakasgai edo jarduera batzuk kupoak dituzte; hortaz, horietarako sarbidea dagokion ikastegiaren arauen araberakoa izango da.
19. artikulua.– Baldintza akademikoak.
1.– Ikastegiek neurri egokiak finkatuko dituzte nazioarteko mugikortasunaren bidez kanpotik datozen ikasleen orientazioa, gainbegiratzea eta jarraipena ziurtatzeko, nazioarteko mugikortasun koordinatzaileen lankidetzaz.
2.– Oro har, kanpotik datozen gradu edo unibertsitate masterreko ikasleek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean egin ahal izango dituzten kredituen kopurua egonaldiaren iraupenarekiko proportzionala izango da, ikasturte bat hirurogei kredituren baliokidea dela kontuan hartuta.
3.– Hitzarmenetan Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko titulu ofizial bateko edo batzuetako irakasgaiak sartu ahal izango dira, kanpotik datorren ikaslearen jatorrizko titulu akademikoaren maila berekoak badira. Edonola ere, eta jatorrizko hezkuntza sistemaren antolakuntza akademikoan egon daitezkeen desberdintasunei erreparatuta, ikastegiko nazioarteko mugikortasun koordinatzaileak baimena eman ahal izango die kanpotik datozen ikasleei beren hitzarmenetan Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasketa ofizialetako irakasgaiak sar ditzaten, beren jatorrizko tituluaren ziklo akademikokoak ez izan arren.
4.– Nazioarteko mugikortasun programen edo erakunde arteko hitzarmenen bidez datozen ikasleek gainditutako kredituen baturak ezingo du gainditu Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko graduko titulu bat edo unibertsitate master ofizial bat lortzeko behar diren kredituen % 50a, albo batera utzita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartzen duen nazioarteko titulu bikoitz, aniztun edo bateratuetarako onar daitezkeen arau espezifikoak, horrelakoak hitzarmen propioetan zehaztutakoaren arabera arautuko baitira.
20. artikulua.– Matrikula.
1.– Ikasleek beren hitzarmenean adierazitako Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen irakasgaiak egingo dituzten ikastegian matrikulatu beharko dute, horretarako prozeduraren bidez eta urtero finkatutako epeetan. Hitzarmenean hainbat ikastegitako irakasgaiak egonez gero, onarpen gutuna igorri zuen ikastegian matrikulatuko dira, baldin eta ikastegiek emandako plazak badira. Salbuespen gisa, behin-behineko hitzarmen akademikoan egindako irakasgaien aldaketa hainbestekoa bada non ikasleak irakasgai gehienak egin beharko dituen ikastegia ez den ez onarpen gutuna igorri zuena, ez Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordetzak igortzea justifikatu zuena, bada ikasle horri ikastegi horretan matrikulatzea onartuko zaio.
2.– Erakunde arteko hitzarmenek edo nazioarteko mugikortasun programek kontrakoa ezartzen ez badute, kanpotik datorren ikaslea jatorrizko unibertsitatean ordainduko ditu zerbitzu akademikoak.
3.– Kanpotik datozen ikasleek, behin etorrita, 15 eguneko epea izango dute gehienez beren hitzarmenean aldaketak egiteko; epe berean, dagozkion aldaketak egin beharko dituzte ere matrikulan. Ikastegiek epe hori handitu ahal izango dute.
4.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean enpresa gisa praktikak egitera kanpotik datozen ikasleek ez dituzte irakasgaien matrikulak egin beharko.
21. artikulua.– Azterketak eta ebaluazioa.
1.– Kanpotik datozen ikasleei Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean indarrean den ebaluazio arautegia aplikatuko zaie.
2.– Kanpotik etorritako ikasleek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak azterketak egiteko ezarritako deialdi ofizialetara aurkezteko eskubidea izango dute. Ikasleak irakasgairen bat gainditu ez badu eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean ez dagoenean horren deialdi bat aurreikusita badago, ikastegiko mugikortasun koordinatzaileak edo haren ordezkoak, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean irakasgaia ematen duen irakaslearekin eta ikaslearen jatorrizko unibertsitate edo erakundearekin ados jarrita, beharrezkoa den prozedura ezarri ahal izango du azterketa atzerriko unibertsitate edo erakundean egin ahal izateko. Azterketa prestatzea eta ebaluatzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen erantzukizuna izango da. Jatorrizko unibertsitateak edo erakundeak aukera hori aurreikusten ez badu edo proba egiteko baldintzak bideragarriak ez badira, ikasleak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateara itzuli beharko du azterketa egitera.
22. artikulua.– Aktak.
Kanpotik datozen ikasleak matrikula egin duten irakasgaiari dagokion irakasle taldearen kalifikazioen akta ofizialean agertuko dira, eta aintzat hartuko dira ondorio guztietarako eman daitezkeen ohorezko matrikulak zenbatzeari begira.
23. artikulua.– Ziurtagiri akademikoak.
1.– Egonaldia amaitu, eta kalifikazioak eman eta baliozkotu ondoren, ikastegiko idazkaritzak ziurtagiri akademiko bat igorriko du gaztelaniaz eta ingelesez; bertan, ikaslearen datu pertsonalez gainera, honako hauek adieraziko dira: ikasketak egin dituen nazioarteko mugikortasun programaren izena, irakasgaiak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean indarrean den araudiaren arabera lortutako kalifikazioak.
2.– Ikastegiak ikaslearen jatorrizko unibertsitateari edo erakundeari bidaliko dio ziurtagiri akademikoa, dagokion nazioarteko mugikortasun programan edo erakunde arteko hitzarmenean ezarritako epearen barruan.
IV. TITULUA
IKASLEEN NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNAREN KUDEAKETA: NAZIOARTEKO MUGIKORTASUN PLAZEN DEIALDIA, AUKERAKETA ETA ESLEIPENA
24. artikulua.– Ikasleen nazioarteko mugikortasunaren eskumena duen errektoreordetzaren kudeaketa.
1.– Errektoreordetzak doazen eta datozen Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle guztien nazioarteko mugikortasuna diseinatzeko eta koordinatzeko erantzukizuna du.
2.– Honako zeregin hauek ditu:
a) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak eta haren ikastegiek beste herrialde batzuetako unibertsitate, erakunde edo enpresekin ikasleen nazioarteko mugikortasunerako erakunde arteko hitzarmenak sina ditzaten bultzatzea, eta hitzarmen horiek kudeatzea eta zabaltzea.
b) Erakunde arteko hitzarmenak sinatzea.
c) Ikasleen nazioarteko mugikortasun programen eta hitzarmenen funtzionamendu egokia zaintzea.
d) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleentzako nazioarteko mugikortasun deialdiak prestatzea, argitaratzea eta zabaltzea.
e) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko nazioarteko mugikortasun plaza bat lortzeko hautagaiak hautatzeko prozesuak antolatzea, koordinatzea eta, hala behar bada, erabakitzea, ikastegiekin ados jarrita. Prozesuak lehia bidezko erregimenean egingo dira, publizitate, berdintasun, meritu, gaitasun eta ez-bazterkeria printzipioak bermatuta.
f) Ezgaitasunak dituzten ikasleen nazioarteko mugikortasuna errazteko neurriak ezartzea, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuarekin eta inplikatutako ikastegiekin koordinatuta.
g) Ikasleen nazioarteko mugikortasuna egiten ari den beste herrialde batzuetako unibertsitate, erakunde edo enpresekin solaskidetza instituzionala mantentzea.
h) Nazioarteko mugikortasun plazei atxikitako bekak eta laguntza ekonomikoak kudeatzea, berezkoak nahiz besteren funtsetatik etorritakoak izan.
i) Ikasturte bakoitzean, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean indarrean dauden ikasleen nazioarteko mugikortasun programei, plazei, laguntzei eta deialdiei buruzko informazio eguneratuta edukitzea difusio bitarteko egokien bidez, bai kanpora doazen bai kanpotik datozen ikasleentzat.
j) Ikasleen nazioarteko mugikortasunari buruzko ikastegien erabakien aurka ikasleek jarritako errekurtsoak erabakitzea, errektorearen eskuordetzez.
k) Arautegi honek emandako edo Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko gobernu organoek ikasleen nazioarteko mugikortasunaren arloan eskatutako beste edozein zeregin.
25. artikulua.– Nazioarteko Harremanetarako Bulegoaren Kudeaketa.
Nazioarteko Harremanetarako Bulegoak, ikasleen nazioarteko mugikortasun eskumena duen errektoreordetzaren mendekoa denak, laguntza teknikoa eta administratiboa ematen dio errektoreordetzari arautegi honek emandako zereginak garatzeko eta aurrera eramateko.
26. artikulua.– Deialdiak.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen nazioarteko mugikortasunaren eskumena duen errektoreordetzak urtero argitaratuko ditu programa eta hitzarmenen esparruan truke ikasleen parte hartze eta hautaketarako deialdiak, unean-unean indarrean den prozedura administratiboaren legearekin bat etorrita eta hark zehaztutako moduan. Deialdi horietan finkatuko dira parte hartzeko baldintzak eta bitartekoak, datak eta epeak.
27. artikulua.– Eskaerak betetzea.
1.– Mugikortasun eskaerak indarrean dagoen deialdiak horretarako finkatutako epean bete beharko dira, Legera egokitutako bitartekoen bidez, aplikazio informatiko egokia erabilita.
Baldintza akademikoen edo hizkuntzen ezagutzaren egiaztagiriak dagokion unean aurkeztu beharko dira, deialdi bakoitzean ezarritakoaren arabera.
2.– Eskaeran aldaketak egin edo akatsak zuzentzeko eska diezaioke interesdunak, eskaerak aurkezteko epean, ikastegiko koordinatzaileari, indarreko prozedura administratiboaren legeak ezarritako baldintzetan eta/edo Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen edozein erregistroren bidez. Behin eskaera aurkeztuta, erantzuna 15 laneguneko epe luzaezinean eman beharko da. Ikasleak epe horretan erantzunik jaso ezean, eskaera onartutzat hartuko da. Hortaz, Nazioarteko Harremanetarako Bulegoari eskatuko zaio eskatutako aldaketak sartzea, esleipen ondorioei begira, ikastegiko koordinatzailearen bitartez.
28. artikulua.– Plazak esleitzea.
Plazen esleipena urtero dagozkion deialdietan ezarriko den egutegiaren arabera egingo da.
Eskaerak indarrean den prozedura administratiboko legeak ezarritakoarekin bat etorrita erregistratuko dira, eta horien gaineko erabakiak honako hauek emango dituzte:
a) Erasmus mugikortasun plazen kasuan, dekanordeak, zuzendariordeak, nazioarteko harremanetako koordinatzaileak eta, haien karguaren izena alde batera utzita, ikastegi bakoitzean zeregin horiek betetzen dituztenek.
b) Ikastegiko hitzarmen esklusibo baten edo ikastegi bakoitzerako kupo espezifikoak dituen hitzarmen baten testuinguruan, Latinoamerika eta Bestelako Norakoak mugikortasun programarako plazen kasuan, dekanordeak, zuzendariordeak, nazioarteko harremanetako koordinatzaileak eta, haien karguaren izena alde batera utzita, ikastegi bakoitzean zeregin horiek betetzen dituztenek.
c) Kupo orokorreko hitzarmen batean testuinguruan, Latinoamerika eta Bestelako Norakoak mugikortasun programarako plazen kasuan, nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordetzak.
29. artikulua.– Ikastegien kudeaketa mugikortasun programetan.
1.– Errektoreordetzarekin koordinatuta, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiak ikasleen nazioarteko mugikortasuna antolatzeaz arduratuko dira, beren titulu ofizialen esparruan.
2.– Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak zuzendaritza taldeko kide bat edo batzuk izendatuko ditu, ikastegiko ikasleen nazioarteko mugikortasuna gauzatzeko eta koordinatzeko, eta errektoreordetzari jakinaraziko dio.
Mugikortasun programei dagokienez, ikastegi bakoitzeko nazioarteko mugikortasun koordinatzaileek zeregin hauek izango dituzte:
a) Ikastegiko ikasleen nazioarteko mugikortasuna sustatzea.
b) Errektoreordetzarekin solaskidetzan aritzea, ikastegiko ikasleen nazioarteko mugikortasunari lotutako alderdietan.
c) Ikastegia ordezkatzea dagozkion esparruetan.
d) Dekanoari edo zuzendariari ikastegiko ikasleen nazioarteko mugikortasunari lotutako alderdi guztiei buruzko informazioa ematea, une oro.
e) Erakunde arteko hitzarmenen izenpetzea bultzatzea, ikasleen nazioarteko mugikortasunerako norakoen eskaintza zabala, nahikoa eta kalitatezkoa lortzeari begira.
f) Ikastegiko erakunde arteko hitzarmen proposamenen berri ematea, eta dagokion errektoreordetzara helaraztea, sina ditzan.
g) Hautagaien aukeraketa egitea, bere ikastegirako plazak dituzten hitzarmenetan.
h) Ezgaitasunak dituzten ikasleen nazioarteko mugikortasuna errazteko neurriak ezartzea, errektoreordetzarekin eta Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuarekin koordinatuta.
i) Kanpora doazen eta kanpotik datozen ikastegiko ikasleek egin beharreko hitzarmen proposamenak eta, halakorik bada, horien aldaketak onartzea eta sinatzea.
j) Kanpora joandako ikasleek lortutako kalifikazioak Espainiako sistemara transkribatzeko proposamenak onartzea, eta kalifikazioen aktak onartzea, ikasleen espediente akademikoetan sar daitezen.
k) Nazioarteko mugikortasunaren ondorioz edo hari lotuta ikastegiko ikasleek egindako erreklamazioak hartzea eta balioestea, gero ikastegiko zuzendariak edo dekanoak horien gaineko erabakia har dezan.
l) Ikastegiko ikasleei bideratutako nazioarteko mugikortasuneko erakunde arteko hitzarmenei eta programei buruzko informazioa eguneratuta edukitzea, difusio bitarteko egokien bidez.
m) Ikastegian arautegi hau betetzen dela zaintzea.
n) Atzerrian ikastegiaren eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen presentzia eta irudia indartuko duten jarduerak sustatzea, eta horietan parte hartzea, errektoreordetzarekin koordinatuta.
ñ) Arautegi honek emandako edo Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko gobernu organoek ikasleen nazioarteko mugikortasunaren arloan eskatutako beste edozein zeregin.
V. TITULUA
PROZEDURAREN FASEAK
30. artikulua.– Hasiera.
Nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordetzak programa guztietarako mugikortasun deialdiak argitaratuko ditu urtean behin, gutxienez.
Ikasleek, deialdi bakoitzerako finkatutako daten barruan, eskaerak bete ahal izango dituzte Legera egokitutako bitartekoen bidez, aplikazio informatiko egokia erabilita.
Prozedura bultzatzeko asmoz, eskaera horiek eskuratzeko aukera izango dute: nazioarteko eskumena duen errektoreordetzak, mugikortasun programen zuzendariek, ikaslearen ikastegiko dekanordeek, zuzendariordeek eta nazioarteko harremanetarako koordinatzaileek.
31. artikulua.– Bultzatzea eta izapidetzea.
Prozedurari jarraipena egin beharko zaio fase eta izapide guztietan. Nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordetzak, mugikortasun programen zuzendarien, dekanordeen, zuzendariordeen eta ikastegiko bakoitzeko nazioarteko harremanetako koordinatzaileen bidez, dagokion deialdian jasotakoaren arabera beharrezkoak diren eskakizunak egiaztatzeko eskatu ahal izango die ikasleei, hitzarmen bakoitzaren eskakizun espezifikoak aintzat hartuta.
Errektoreordetzak deialdi bakoitzaren esparruan esleipen fase edo itzuli bat edo gehiago ezarri ahal izango ditu, plazen erabilera optimizatzeko eta baliabideen erabilera maximizatzeko.
Era berean, ikasleek kupo orokorreko plazak nahiz ikasten ari diren ikastegiko plaza espezifikoak eska ditzaketen deialdietan, eskaeran betetako zerrendan lehenetsitako plaza esleituko da.
32. artikulua.– Amaiera.
Dekanordeek, zuzendariordeek eta/edo ikastegi bakoitzeko nazioarteko harremanetako koordinatzaileek, eskumena haiena denean, edo nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordetzak, bere eskumeneko plazetan, plazak esleitu ondoren, errektoreordetza horrek berak esleipenak balioetsi, eta prozedura amaitutzat emango da.
33. artikulua.– Onartzea edo uko egitea.
Mugikortasun programaren batean parte hartzeko aukeratutako ikasleek esleitu zaien plaza onartu, edo plazari uko egin beharko diote deialdi bakoitzean ezarritako epean, eskaera egiteko erabilitako aplikazio informatikoaren bidez.
Esleipeneko bigarren itzulia duten deialdien kasuan, honela egingo da:
a) Lehen itzulian esleitutako plaza onartzen den kasuan: ikasleak hori edukiko du, eta bigarren itzuliaren esleipenean lehenetsitako plaza bat egokitzen bazaio, bietako bat onartu beharko du adieraziko zaion epean.
b) Lehen itzulian esleitutako plazari uko egiten zaio kasuan: ikasleak plaza hori galduko du, eskatu duten gainerako ikasleen eskura geratuko baita, eta soilik eskaeran lehenetsitako plazak eskuratzeko aukera izango du. Lortzen ez badu, plazarik gabe geratuko da.
Emandako epean onarpen edo uko egitearen izapidea ez egitea «uko egite» gisa kontsideratuko da, eta horren ondorioz, esleitutako mugikortasuna ez egiteaz gainera, ikasleak ezingo du parte hartu mugikortasun programen hurrengo deialdian.
34. artikulua.– Errekurtsoak.
Esleipen erabakiak administrazio bidea agortzen du. Horren aurrean, aukerako berraztertze errekurtsoa bakarrik jarri ahal izango da, indarrean den prozedura administratiboko legearen arabera, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa, dagokion epaitegiaren aurrean.
Nazioarteko harremanei buruzko gaietan eskumenak jaso dituen errektoreordeak berak ebatziko ditu plazen esleipenen erabakiari jarritako berraztertze errekurtsoak.
VI. TITULUA
MUGIKORTASUN PROZESUARI LOTUTAKO DOKUMENTAZIOA
35. artikulua.– Diru laguntza kontratua edo hitzarmena.
Mugikortasun beka baten onuradun den programetan, ikasle bakoitzak parte hartzeko baldintzak arautzen dituen diru laguntza hitzarmena edo kontratua izenpetu, eta Nazioarteko Harremanetarako Bulegoan entregatu beharko du, joan aurretik. Baldintzaren bat ez betetzeak kontratuan edo hitzarmenean edo horiek arautzeko maila orokorreko arauetan jasotako zigorrak jartzea eragingo du, eta zuzenbidean aurreikusitako edozein bitartekoren bidez eskatu ahal izango da hori betetzeko.
36. artikulua.– Aseguru medikoa.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen mugikortasun programetan parte hartu ahal izateko, nahitaez kontratatu beharko da bidaia asistentziako aseguru bat, gorpuzkiak aberriratzeko eta lekualdatze sanitariorako estaldura mugagabea izango duena. Aseguru hori ikaslea joan aurretik kontratatu beharko da, eta atzerrian egindako egonaldi osoa estaliko du. Unibertsitateak erreferentzia aseguru bat edo gehiago bultzatuko ditu, baldintza hau betetzeko erraztasunak emate aldera.
Era berean, ikasleek, joan aurretik, poliza kontratatu izanaren ziurtagiri bat entregatu beharko dute nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordetzaren Nazioarteko Harremanetarako Bulegoan. Horrez gain, mugikortasun programetan parte hartzen duten ikasleek Europar Osasun Txartela (EOT) eraman beharko dute egonaldira.
37. artikulua.– Egonaldi hasierako eta amaierako ziurtagiriak.
1.– Egonaldi hasiera eta amaierako ziurtagirien xedea da ikaslea zer datatan iristen eta joaten den modu fidagarrian erregistratzea, harrerako erakundearen mugikortasun arduradunaren sinaduraren eta erakunde horren zigiluaren bidez.
2.– Aurrekoarekin bat etorrita, truke ikasleek, behin norakora iritsita, egonaldiaren hasierako ziurtagiria bidali beharko dute nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordetzaren Nazioarteko Harremanetarako Bulegora, behar bezala sinatuta eta harrerako unibertsitatearen zigiluarekin. Ziurtagiri hori Nazioarteko Harremanetarako Bulegoan jasotzea ezinbesteko baldintza da, errektoreordetzak kudeatzen dituen eta ikaslea hartzekodun den mugikortasun laguntzak ordaintzeko.
3.– Atzerriko unibertsitatean ikasketen aldia amaitu ondoren, unibertsitate horrek egonaldiaren amaierako ziurtagiri bat edo «Certificate of Attendance» bat igorriko du ikasle bakoitzeko, atzerriko unibertsitatearen agintari akademikoak behar bezala sinatua eta zigilatuta. Ziurtagiri hori da, hain zuzen, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko truke ikasleek harrerako unibertsitatean egindako egonaldia eta haren iraupena egiaztatzen duen dokumentu nagusia. Atzerriko erakundean egindako egonalditik itzultzean, truke ikasleak erakunde ostalariak igorritako egonaldi amaierako ziurtagiriaren originala aurkeztu beharko du nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordetzan. Dokumentu hori aurkezteko epea hilabetekoa izango da, egonaldia amaitzen denetik zenbatzen hasita.
38. artikulua.– Kalifikazioen ziurtagiria.
Dokumentu honen bidez, jatorrizko ikastegiak hitzarmen akademikoan jasotako irakasgaiak gainditzeagatik kredituak aitortzeari ekin ahal izango dio. Lortutako kalifikazioak ikasleari pertsonalki entregatzen zaizkionean, ikaslea bera arduratuko da horiek ikastegiari emateaz.
VII. TITULUA
KREDITUEN AITORPENA
39. artikulua.– Kredituen aitorpena.
Une bakoitzean indarrean den Graduondoko eta Graduko ikasketen kredituak transferitu eta aitortzeari buruzko arautegian ezarritako irizpideak betetzen diren neurrian, ikasleak mugikortasun programaren esparruan egin eta gainditutako irakasgaien kredituak aitortuko dira, baldin eta irakasgaiak hitzarmen akademikoan sartuta badaude aurreko artikuluetan deskribatutako baldintzetan.
40. artikulua.– Egindako mugikortasunaren aitortza akademikorako prozedura.
1.– Ikastegiko organo eskudunak, behin betiko hitzarmen akademikoan sartutako irakasgaien kalifikazio espedientearen kopia jaso ondoren, gainditutako kredituak aitortzeari ekingo dio, eta ikaslearen espediente akademikoan sartuko ditu, kalifikazio baliokidea jarrita jatorrizko kalifikazio sistemaren arabera.
2.– Lortutako kredituak ez dira aitortuko, ikasleak programa bakoitzaren betebeharrak betetzen ez baditu. Horien artean daude, besteak beste, egonaldi hasierako eta amaierako ziurtagiriak, hitzarmen akademikoa, dagozkion sinadurekin, eta ikaslearen amaierako txostena.
3.– Aitortutako kredituak espediente akademikoan sartuko dira ezarritako epeetan, dagokion seihilekoaren aktak eratzeari begira.
4.– Graduondoko ikasketen mugikortasun programetan gainditutako kredituak aitortzeko, graduko ikasketetarako ildo berberei jarraituko zaie, eta baliokidetza irizpideak masterraren memoria ofizialean jasotako berberak izango dira.
41. artikulua.– Atzerriko egonaldirako bisatuak eta baimenak izapidetzea.
1.– Truke programa baten baitan ikasketak egin nahi dituzten Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek herrialde bakoitzak immigrazio gaietan ezarritako betebehar espezifikoak bete beharko dituzte. Horretarako, harremanetan jarri beharko dute dagozkion enbaxada eta kontsulatuekin.
2.– Zentzu horretan, ikasleen ardura da harrerako herrialdean legez sartzeko eta trukeak irauten duten bitartean bertan egoteko beharrezkoak diren dokumentuak (bisatuak, egoiliar txartelak, etab.) lortzea eta, hala behar bada, berritzea.
42. artikulua.– Bekak eta laguntzak.
1.– Programa bakoitzaren arabera, bekak eta bestelako diru laguntzak emango dira, atzerriko egonaldian sortutako mantentze gastuak osorik edo partzialki finantzatzeko. Horien eskaera eta kudeaketa arautegi espezifiko bakoitzean ezarritakoaren arabera egingo da.
2.– Errektoreordetzaren diru laguntza edo Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak erakunde laguntzaile gisa jardun duen beste diru laguntza batzuk Diru Laguntzen Lege Orokorraren arabera jasotzearen ondorioz izango diren betebeharrak eta eskubideak araututa egongo dira honako hauetan: ikasleak izenpetu eta kasu guztietan Nazioarteko Harremanetarako Bulegoan entregatu beharko duen laguntzaren kontratuan edo hitzarmenean, laguntza horiek arautzeko arautegietan eta, azken batean, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean.
3.– Ikasle bakoitzak bere gain hartutako kontratu eta/edo lege konpromisoak bete ezean, jasotako laguntza osoa edo horren zati bat itzuli beharko du. Erreklamatu beharreko kopuru horiek laguntzen araudien arabera kalkulatuko dira, eta indarrean den prozedura administratiboaren legean aurreikusitako prozedura administratibo erkidearen bidez bideratuko da, eta, subsidiarioki, Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorrean araututako prozeduraren bidez edo EBk ezarritako prozeduraren bidez, baldin eta Europar Batasuneko funtsetatik jasotako laguntzak badira. Bai erakunde laguntzaile gisa jardutean bai diru laguntzen kasuan finantza erakunde gisa jardutean, nazioarteko harremanen eskumena duen errektoreordeak mugikortasun bekei eta laguntzei lotutako espedienteak erabakitzeko eskumena izango du.
4.– Betebeharren bat justifikaziorik gabe betetzen ez duen ikasleak jasotako laguntzak itzuli beharko ditu.
Justifikazio arrazoitzat onartuko dira honako hauek:
a) Ikaslearen gaixotasun edo istripu larria.
b) Senide baten heriotza edo gaixotasun edo istripu larria, odolkidetasun edo kidetasuneko lehen mailako senidea bada.
c) Betebehar publiko saihestezin bat betetzea.
d) Ikastegiko nazioarteko koordinatzailearen iritziz behar bezala egiaztatu eta justifikatutako beste edozein arrazoi.
5.– Behin diru laguntza kontratuaren betebeharren bat edo legezko betebeharren bat ez betetzeagatiko diru laguntza kontzeptuan jasotako kopuruak itzuli behar direla adierazi ondoren, ikasleak erreklamatutako kopuruak dagokion epean itzultzen ez baditu, zorduntzat hartuko da. Hori guztia ez da eragozpen bat izango erreklamazio prozedurak aplikatzeko eta Diru laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeak halakoetan aurreikusitako zigorrak aplikatzeko, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak erakunde laguntzaile gisa jardun duen diru laguntzen kasuan, edo EBk ezarrita eduki dezakeen prozedura aplikatzeko, Europar Batasunetik iritsitako funtsen kasuan.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Kontuan hartuko dira, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen praktikak egiteko nazioarteko mugikortasunerako, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean indarrean dagoen kanpoko praktika akademikoei buruzko arautegia, mugikortasun arautegi hau modu osagarrian eta, aurrekoen kontra ez badoa, kanpoko mugikortasun programak erregulatzen dituzten arautegiak.
LEHEN XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da, honako honen kontrakoa ez den alderdietan izan ezik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen 1994ko apirilaren 1eko Erabakiaren bidez onartutako mugikortasunerako araudia, zeinak Erasmus nazioarteko mugikortasun programaren funtzionamendua arautzen baitu (1995eko urtarrilaren EHUBO), eta haren aldaketa, 1998ko maiatzaren 18ko Gobernu Batzarraren Erabakiaren bidez onartutakoa.
BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da, honako honen kontrakoa ez den alderdietan izan ezik, Ikerketa eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen 2004ko urtarrilaren 8ko Erabakiaren bidez onartutako mugikortasuneko arautegia. Erabaki horren bidez, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak Erasmus+ europar programatik kanpo Espainiakoak ez diren Europako unibertsitateetara joateko nazioarteko mugikortasunerako arautegia argitaratu zen, baita Erasmus+ europar programatik kanpo Espainiakoak ez diren Europako unibertsitateetatik etorritako ikasleek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean egin beharreko egonaldia arautzeko arautegia ere.
AZKEN XEDAPENA
Aratuegi hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratu eta biharamunean.