EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2016174

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzkoa, lehentasunez EAEko langabetuei zuzendutako prestakuntza-programazioa gauzatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-09-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201603910
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/10/05ean argitaratutako 2012/10/03ko AGINDUA [201204410]
  • Ikus 2016/06/07an argitaratutako 2016/05/31ko 201600082 DEKRETUA

Alde batetik, Ángel Toña Guenagak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidente gisa jardunez,
Eta bestetik, Cristina Uriarte Toledok, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak
HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, besteak beste, helburu hauek zehazten ditu: alde batetik, lanik ez duten langileen artean bizitzan zehar prestakuntza bultzatzea, lanbide-gaitasunak eta enplegu eta prestakuntzarako garapena nahiz garapen profesionala eta pertsonala hobetzeko; eta, beste alde batetik, langileen enplegagarritasuna hobetzea, bereziki lana mantentzeko edo lanean hasteko zailtasunak dituztenen kasuan.
Bigarrena.– Helburu hori lortzeko, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 23. artikuluak arautuko du langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza. Hala, hau zehaztuko du:
a) Langabezian dauden langileentzako prestakuntza-ekintzen helburu nagusia da laneratzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta lan egiteko moduan dauden pertsonei euren lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman behar dizkie. Ildo horretan, profesionaltasun-ziurtagiriak izango dira prestakuntza-eskaintzaren oinarri nagusia. Hala ere, Dekretu horren bidez ere egin daiteke beharrezkoa den prestakuntza kualifikatzailearen eta zeharkako prestakuntzaren programazioa, betiere profesionaltasun-ziurtagirien multzoan jasota ez badago.
c) Azkenik, langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdian ezarriko da horietan parte har dezaketen langileen ehunekoa. Lehenengoek izango dute lehentasuna.
Hirugarrena.– Era berean, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak EAEko jarduketa-eremuan sartzen du Lan-eremuan enplegua sustatzeko Lanbide Heziketa Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea. Horren bidez, honako hauek arautzen dira: lan-eremuan enplegua sustatzeko langileen prestakuntza-sistemaren plangintza eta finantzaketa, prestakuntza-ekintzen programazioa eta exekuzioa, zigorren kontrola, jarraipena eta araubidea, eta informazio-sistema, ebaluazioa, kalitatea eta sistemaren gobernua.
Laugarrena.– Martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak (Ekonomia Sostengarriari buruzko Legearen osagarriak) bosgarren xedapen gehigarria erantsi zion ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoari, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoari. Bada, hain zuzen ere, bosgarren xedapen gehigarri horrek arautzen du hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek prozedura bat ezarri behar dutela, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa irakasteko baimena duten zentroek aukera izan dezaten, araututako baldintzak betetzen badituzte, enplegurako lanbide-heziketako ikasketak ere emateko; xedapen gehigarri horrek arautzen du, halaber, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurakoa modu integratuan eskaintzen duten funts publikodun zentroek aukera izan behar dutela aurrekontu-baliabideak eskuratzeko, hain zuzen ere enplegurako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko, betiere hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek hitzartzen dituzten lankidetza-mekanismoekin bat etorriz.
Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak (martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez emandako idazketaren arabera) Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dio enplegu-politika eta, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan, enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita egonik, eginkizun dauka, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapenerako programak kudeatzea (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikulua). Enplegurako prestakuntzaren barruan, eta eskaintzaren araberako prestakuntzarekin lotuta, lehentasunez langabetuei zuzendutako prestakuntza-ekintzak daude.
Seigarrena.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak xedatzen duenez, sail horri dagokio Lanbide Heziketako Euskal Plana garatzea, aplikatzea eta eguneratzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta; sail horri dagokio, halaber, hezkuntza-sisteman lanbide-heziketako eta bizialdi osoko ikaskuntzako politikak diseinatzea, bizitza osoan zehar kualifikazio pertsonalak, profesionalak eta sozialak eskuratzeko edo areagotzeko aukera emango dutenak, betiere Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitutako eskumenak errespetatuta.
Zazpigarrena.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak (urriaren 17ko EHAA) eta EAEko 2014-2016 Lanbide Heziketako Laugarren Planak nabarmentzen dute lanbide-heziketako eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan.
Zortzigarrena.– Beste alde batetik, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan berariaz aurreikusten da (13. artikuluan) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegurako langileen prestakuntza emateko. Horretarako, kudeaketa-gomendiorako hainbat akordio sinatuko dira. Edozein kasutan, titulartasun publikoko Lanbide Heziketako Zentro Batuak berezko zentrotzat joko dira.
Xedapen honekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko langabetuek kualifikazioaren arloan dituzten beharrizanei erantzuteko, eta eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzen programak sustatzen dituzte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko lanbide-heziketako zentro publikoen sarean.
Hartara, lan-merkatuaren egoera aintzat hartuta, eta enpresa-sarearen beharrizanak eta egun dauden zentro publikoen sarearen prestakuntza-gaitasuna ikusita, Lanbide erakunde autonomoak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan bertako administrazioaren berezko zentroekin garatu beharreko prestakuntza-ekintzen plangintza prestatu dute, eta kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau izenpetzea hitzartu dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Hona hemen akordio hori arautuko duten
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Akordio honek arautzen duen kudeaketa-gomendioaren xedea da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren titulartasunpekoak diren prestakuntza-zentroek prestakuntza-programazio bat egitea, lehentasunez langabetuei zuzendua (ikusi akordio honen I. eranskina).
Gomendio honen xede den programazioa osatzen duten prestakuntza-ekintzak 2016ko ekitaldian hasiko dira, eta 2017ko uztailaren 31an izango dute epemuga.
Bigarrena.– Prestakuntza-eskaintzaren plangintza egitea.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honetan bildutako prestakuntza-eskaintza diseinatu dute, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabetuei zuzendua izango dena, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mende dauden lanbide-heziketako prestakuntza-zentro publikoetan gauzatuko dena. Prestakuntza-eskaintza horrek bi xede ditu: batetik, langabetuen kualifikazio-beharrizanak asetzea, eta, bestetik, eskuragarri dauden baliabide publikoak ahal den ondoen erabiltzea.
Prestakuntza-eskaintza zehazteko, aintzat hartu dira EAEko lurralde eta eskualdeetako lan-merkatuaren eta industria-sarearen egoera, hezkuntzaren eremutik eta enplegurako lanbide-heziketatik egiten den lanbide-kualifikazioei buruzko prestakuntza-eskaintza orokorra, eta egun dagoen zentro publikoen sarea eta zentro horietako bakoitzak duen prestakuntza-gaitasuna, betiere aldez aurretik identifikatuta zentroek eman ditzaketen profesionaltasun-ziurtagiriak, haien instalazioak, ekipamenduak eta irakasleak kontuan hartuta.
Era berean, prestakuntza-zentroek Hezibi eta Lehen Aukera programetan parte hartu dutela kontuan hartu da.
Hirugarrena.– Prestakuntza-programazioa eta hartarako diru-dotazioa.
1.– Hiru lurraldeetako zentro publikoetan eman beharreko prestakuntzaren programazioa I. eranskinean jasota dago. Bertan adierazten dira honako hauek: eman beharreko prestakuntza-ekintzak, dagokien prestakuntza-espezialitatea, ekintzak ematen dituen prestakuntza-zentroa, ordu-kopurua, ikasle-kopurua eta zuzkidura ekonomikoa.
2.– Prestakuntza-zentro berberak eman beharreko bi prestakuntza-ekintzaren edo gehiagoren exekuzioarekin lotu ahal izango da prestakuntza-ibilbide berbera osatzen badute. Kasu horretan, ekintza horiek prestakuntza-plan bakarra osatuko dute, eta denak batera finantzatuko dira. Prestakuntza-zentroak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emango die lotura duten prestakuntza-ekintzen berri. Hala, erakunde autonomo horrek baimena emango du, betiere lehen prestakuntza-ekintza hasi baino lehen.
3.– I. eranskinean jasotako prestakuntza-ekintza bakoitzak jasoko duen zenbatekoa parte-hartzaile bakoitzaren kostuaren eta prestakuntza-orduen araberakoa izango da, modulu ekonomikoekin bat etorriz (II. eranskinean zehazten da horien osaera eta kalkulua).
Aplikatu beharreko modulu ekonomiko bakoitzean hiru daude: A modulua (langileen kostu zuzenak), B modulua (funtzionamenduko zeharkako kostuak) eta C modulua (zeharkako kostuak).
4.– Gomendio honen xede den programazioa finantzatzeko, 7.189.268,21 euroko kreditua erabiliko da (zazpi milioi ehun eta laurogeita bederatzi mila berrehun eta hirurogeita zortzi euro eta hogeita bat zentimo), eta, horietatik, 1.941.102,42 euro 2016ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 5.248.165,79 euro, 2017ko konpromiso-kredituari.
Finantza-baliabide horiek Europako Gizarte Funtsak Euskal Autonomia Erkidegoko EGFren Programa Operatiboa 2014-2020ren edo Gazte Enplegurako Programa Operatiboa 2014-2020ren harira finantzatutakoak izango dira.
Laugarrena.– Alta ematea Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan.
I. eranskinean jasotako programazioan parte hartzen duten zentroak Lanbidek akreditatu eta/edo inskribatuko ditu emango den prestakuntzaren espezialitatean. Datuak Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan sartuko dira.
Bosgarrena.– Harreman zuzena izatea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, lanbide-heziketako zentroen eta ordaintzeko moduen artean.
Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremana izango du programazioan aritzen den prestakuntza-zentro bakoitzarekin.
2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren antolamendu ekonomiko-finantzarioarekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bakoitza emateko esleitu den diru-zenbatekoa sartuko du sail horren lurralde-ordezkaritzen kontuetan.
Hau da ordainketen erregimena:
– Lehen ordainketa (% 27) 2016ko ordainketa-kredituaren kargura ordainduko da prestakuntza-ekintzen hasieran. Hirugarren klausulako 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera baimendutako prestakuntza planen kasuan, klausula osatzen duten loturiko prestakuntza-ekintza guztiei esleitutako zuzkidura ekonomiko guztien % 27 ordainduko da horietako lehenengoa hastean.
– Gainerako % 73, 2017 ekitaldian, ekitaldi horretako konpromisoaren kredituaren kargura, gomendatutako jarduketak eta horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoen likidazioa justifikatu ostean, zortzigarren klausulako 1 t) atalean aurreikusitako baldintzei jarraikiz.
Seigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.
1.– Programazio honetako prestakuntza-ekintzetan honako hauek har dezakete parte:
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatutako langileak, honela banatuta: gutxienez % 60 langabetuak izango dira, eta, % 40, okupatuak.
2.– Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonek sarbide-baldintzak bete beharko dituzte.
Zazpigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.
a) Prestakuntza ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko aukeraketa bat egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaro bakoitzean parte hartzea eskatu duten hautagaien artean.
Hautagaiak honako hauek izan daitezke:
● Ikastaroan parte hartzea eskatzen dutenak, bai eskabide bat aurkeztuta Lanbidek lurralde bakoitzean dituen bulegoetan, bai eskabidea beteta Lanbideren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus). Web-orri horretan jakinaraziko dira zein diren prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten baldintzak, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
● Enplegu-eskatzaileak (eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek ikastaroa egitea agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.
● Prestakuntza Zentro Publikoen Saretik edo orientazio-zerbitzuetatik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bideratuak izan diren eskatzaileak.
Prestakuntza Ekintzen Kudeaketa Lanbideren prestakuntzaren aplikazio informatikoaren bidez (LAN-Fren bidez) egingo da.
b) Prestakuntza-zentroek egingo dute ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa, beren instalazioetan, Lanbideren bidez inskribatutako hautagaien artean. Horretarako, beharrezkoa den prestakuntza-jarduera guztietan, hautaketa-proba bat egingo da, betiere ekintzari probetxua ateratzen zaiola bermatzeko eta aldez aurretik zehazteko nolako ezagutza-maila behar den ekintzetan ezarritako helburuak lortzeko eta zein diren izan beharreko funtsezko gaitasunak 2. eta 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-moduluetan sartzeko.
Prestakuntza-zentroetako arduradunek zehaztuko dute zer bitarteko tekniko eta material baliatuko dituzten aukeraketa hori egiteko, eta beti egiaztatuko dute aukeratutako ikasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuetan ezarritako sarbide-baldintzak.
Profesionaltasun-ziurtagiri bati lotutako prestakuntza-ekintza bat moduluka programatzen bada, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiri horretako gainerako moduluak gaindituak dituztenek, ziurtagiri horretako prestakuntza-ibilbide osoa egin dezaten. Kasu horretan, prestakuntza-ekintzan sartuko dira, lehenik eta behin, gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonak, eta, bigarrenik, ziurtagiriaren gainerako moduluak egin ez dituzten gainerako pertsonak.
Baldin eta, laneko esperientzia bidezko eta/edo prestakuntza ez-formal bidezko Gaitasuna Aitortzeko Egituraren deialdiren batean, Aholkularitza- edo Ebaluazio-fasean, prestakuntza-premiak antzematen badira, eta premia horiek direla-eta prestakuntza-ekintza bat programatzen bada, ekintza horretan parte hartzeko lehentasuna izango dute prestakuntza-premia hori antzeman eta preskribatu zaien pertsonek.
Prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak bete eta dagokien hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonen artean, kolektiboen araberako lehentasuna ezarriko da, honako hurrenkera honi jarraituz:
Langabeak:
● Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberaz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei. 30 urte arteko gazteak, langabeen kolektiboan duten pisuaren proportzioan; luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna dutenak; langabezia-saria agortuta duten eta berriz profesionalki gaitzeko PREPARA programan eta Enplegua Aktibatzeko Programan (EAPn) parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; Txertaketako Errenta Aktiboaren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunak; terrorismoaren biktimak eta Genero Indarkeriaren biktimak.
● Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.
● Hirugarrenik, etendurako EEE baten eraginpean dauden langabeak, ordutegia dela-eta prestakuntza-ekintzara joateko libre badaude.
b) Pertsona okupatuak:
Lehenik eta behin, % 53ra arte, lehentasuna emango zaio hautaketa-prozesuan emakumeek parte hartzeari. Hala, emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasunari buruzko araudian adierazitakoa bete beharko da.
Bigarrenik, lan-esperientzia eta ikaskuntza ez formalak aitortzeko prozeduretan parte hartu duten pertsonak, dagokien profesionaltasun-ziurtagiria osatzeko prestakuntza-ekintzak egin ditzaten.
Pertsona batek ezingo ditu bi ikastaro batera egin, baldin eta ikastaro horiek egiteko beste eskabide batzuk badaude, eta eskatzaileak langabetuak badira (betiere, sarbide-eskakizunak betetzen badituzte). Muga hori ez da aplikatu beharko horiekin loturiko prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenean; zehazki, hirugarren klausulako 2. paragrafoan aurreikusitako baldintzetan baimendutako prestakuntza planari dagozkionak.
Hautaketa amaitzen denean, prestakuntza-zentroek 7 egun balioduneko epea izango dute haren emaitzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko aplikazioan (Lan-F) mekanizatzeko.
c) Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-zentroek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.
Iragarpen-bitarteko horiez gainera, egoki iritzitako bestelako bitartekoak ere balia ditzakete prestakuntza-zentroek alderdi horien berri emateko ikasleei. Prestakuntza-zentroek ordainduko dute hautaketa-prozesuen emaitzen berri emateko bitarteko osagarri horien kostua, halakorik balego.
Zortzigarrena.– Alderdien betebeharrak.
1.– Prestakuntza emango duten zentroek betebehar hauek izango dituzte:
a) Agindu zaizkien prestakuntza-ekintzak, akordio honen I. eranskinean adierazitakoak, gauzatu behar dituzte, aurreikusitako ordu eta egunetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea prestakuntza-jardueren hasiera, Lan-F aplikazio informatikoan.
c) Ziurtatu behar dute prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten irakasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuek prestatzaileentzat ezartzen dituzten eskakizunak. Ikastaroak ematen dituen ikastetxeak betetze-maila horri buruzko ziurtagiria aurkeztuko du, informatika-aplikazioaren bidez emandako ereduari jarraikiz. Halaber, Lan-F programan sartuko da ikastaroa hasi baino lehen.
d) Ikastaroen hasieran, gutxienez honako material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei:
– Eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan, espezialitatearen eduki guztiak bilduko dituena.
– Ikastaroa garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta ezinbestekoak diren babes-elementuak.
Prestakuntza-ekintzek berariaz jakinarazi behar dute Europako Gizarte Funtsak material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuk diruz lagundu dituela.
e) Lanbide-informazioa eta -orientazioa eman behar diete prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak programa honen arabera emandako prestakuntza-ekintzetarako finantzaketa komunikazio-ekintzetan argitaratzea, publizitatea egitea eta hedatzea.
g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan aritu behar dute, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatu egin behar dute aukeratutako izangaiek bete egiten dituztela ikastaroetako sarbide-eskakizunak.
h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei eman behar diete haiek ikastaroen egoerari buruz eskatzen dieten informazio guztia.
i) Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio batutzailea egin behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoan Profesionaltasun Ziurtagiriak Garatzeko eta Aplikatzeko 2016-2017. urteko jarraibideekin bat etorriz.
j) Aldian-aldian jakinarazi behar dituzte, Lan-F kudeaketarako informatika-aplikazioaren bidez, ikastaroetan sortzen diren ikasleen bajak edo uzteak. Halaber, prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
k) Ikastaroetan libre geratu diren lekuen berri eman behar diete erreserba-egoeran dauden pertsonei, eta ziurtatu behar dute bajak betetzen dituzten pertsonek behar adinako jakintza dutela prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko.
l) Praktikak lantokian egiteko prestakuntza-moduluak aurreikusi behar dituzte ikastaroetan parte hartzen duten pertsona guztientzat, aintzat hartuta, betiere, zer salbuespen arautzen dituzten profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua aldatzen duen abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ezartzen dituzten errege-dekretuek.
m) Akordio edo hitzarmenak egin behar dituzte, hain zuzen ere ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek praktikak lantokian egiteko prestakuntza-modulua behar adinako bermeekin egingo dituztela ahalbidetzeko.
n) Praktikak lantokian egiteko prestakuntza-moduluen tutoreak izendatu behar dituzte. Tutoreen ardura izango da enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egin beharko du. Horretarako, ikusi eta neur daitezkeen ebaluazio-irizpideak erabiliko dira prestakuntza-programan.
o) Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen bertaratze-kontrola eraman behar dute.
p) Baja emango diete ikasleei, baldin eta baztertze-egoera hauetakoren batean badaude:
– Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25ean ez joatea, arrazoia edozein izanik, justifikatuta zein ez. Parte-hartzailea prestakuntza-ekintza hasita zegoela sartu bada, bertaratze-falta kalkulatzeko, kontuan hartuko dira sartu zenetik ekintza bukatu arte geratzen ziren orduak.
– Prestakuntza ematen duen zentroaren edo erakundearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz, prestakuntza-ekintza ez aprobetxatzea, edo portaera egokirik ez izatea, eta horietan sartzen dira higiene eta osasungarritasuaren arloan exijitu daitezkeen arauak.
– Prozedura hau beteko da ikasle bat baztertzea erabakitzeko:
1.– Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela; hartarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du. Horren ostean, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendariak baztertzeko prozedura hasteari buruzko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez 15 eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea ikastarotik, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean.
Ikasleren baten ez-asistentziek % 25ean gainditzen badute prestakuntza-ekintzaren iraupen-ordu kopurua, prestakuntza-zentroak horren berri espresuki emango dio prestakuntzako teknikariari, ikaslearen baja egiteko. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako ez-asistentziak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), baloratu ahalko da pertsonak geratzen den modulua egitea.
2.– Ebazpenaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
q) Ikasleei gogoraraztea, prestakuntza-ekintza amaitzen denean, prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak telematikoki bete beharko dituztela.
r) Lanbideko teknikariek bisitaldiak egitea erabaki dezakete intzidentziak egiaztatu eta konpontzeko, eta zentroek erraztu egin behar dituzte bisitaldi horiek.
s) «Bukaerako Ebaluazioari buruzko Akta» egin behar dute. Horretarako, Lan-F informatika-aplikazioa erabiliko dute, gainditutako prestakuntza egiaztatzeko diplomak aterako dituzte aplikazio horretatik eta ikasleei eskuratuko dizkiete, profesionaltasun-ziurtagiria egiteko eskaerarekin batera, hala badagokio. Ikasleak ikastaroa emaitza positiboarekin gainditzen ez badu, berriz, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio.
t) Egin diren agindutako ekintzak justifikatzea eta diruz lagunduko diren baliabide ekonomikoak aplikatzea. Horretarako, 15 eguneko epea (amaitzen denetik aurrera zenbatzen hasita) egongo da, eta II. eranskineko B atalean ezartzen den bezala eta bertan zehaztutako agiriekin egingo da.
u) Frogaketa- eta kontrol-jarduerak igaro beharko dituzte, zehazki Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarenak, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak ere; baita Europako Gizarte Funtsaren (EGFren Unitate Administratzailea, Europako Batzordea eta Kontuen Auzitegia) kofinantzaketarekin loturiko kontrol-eskabideak ere. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.
v) Diruz lagundutako gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean laguntzarekin loturiko transakzioak zehaztu beharko ditu, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak honako hauek dira:
a) Kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatu behar ditu.
b) Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritu behar du, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman behar ditu hautagaien zerrenda, bai eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa ere; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.
c) Gertatzen diren intzidentziak konpontzen lagundu behar die ikastaroak ematen dituzten zentroei.
d) Ikastaroa ematen duten ikastetxeko arduradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako aktak ikastaroen emaitzekin gordetzea eta zaintzea, baita diruz lagundutako ekintzari buruzko agiri guztiak ere. Helburua da aldi baterako egiaztatzea 2023. urtera arte gomendio honi jarraikiz bete behar dituzten konpromiso eta betebehar guztiak betetzen direla.
e) Ikastaroetan parte hartu dutenek profesionaltasun-ziurtagiria eskatzeko egiten dituzten eskabideak erregistratu behar ditu.
f) Profesionaltasun-ziurtagiriak egin eta entregatu behar ditu.
g) Prestakuntza-ekintzetako diplomen eta horiek dakartzaten profesionaltasun-ziurtagirien erregistroa eguneratu egin behar du.
Bederatzigarrena.– HEZIBI eta Lehen Aukera programa sustatzea kudeaketa-gomendioaren bidez.
Prestakuntza-zentroek gazteentzako txandakako prestakuntza sustatuko dute, eta, horretarako, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak –kudeaketa-gomendio honetan onartutakoak– HEZIBI proiektu bihurtuko dituzte. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bateratuak arautzen ditu proiektu horiek, eta prestakuntza eta lana txandakatzeko gazteentzako HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen ditu.
Agindu horretan ezarritako eran kudeatuko dira proiektu horiek.
Era berean, prestakuntza-ikastetxeek 30 urtetik beherako gazteen kontratazioa bultzatuko du Lehen Aukera programaren bidez.
Hamargarrena.– Europako kofinantzaketatik eratorritako gardentasunerako betebeharrak.
Kudeaketa-gomendio honi dagozkion datuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aipatutako zerrenda publikoan jasoko da.
Hamaikagarrena.– Aginduaren indarraldia.
Onartutako programaziorako eta diru-dotazioarekin beteko da kudeaketa-gomendio hau.
Hamabigarrena.– Kudeaketa-gomendio honek ez dio beste inori lagatzen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumenen eta horiek gauzatzeko funtsezko elementuen titulartasuna. Hori horrela, erakunde autonomo horrek eman behar ditu egintza eta ebazpen juridikoak, kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzaren euskarri izango direnak edo hura barne hartuko dutenak.
Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-agindua formalizatzeko agiri hau sinatu dute.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 8a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.