EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-07-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2015136

AGINDUA, 2015eko ekainaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, aldatu egiten da agindu hau: aurrekontuen erreserbako fondoak erabiltzerakoan jarraitu beharko diren irizpideak onartzen dituena. Euskal Kultura Ondarea defendatzeko, hobetzeko, babesteko, hedatzeko eta sustatzeko erabiliko dira fondo horiek.

Xedapenaren data: 2015-06-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201503253
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 1999/03/04an argitaratutako 1999/02/19ko AGINDUA aldatzen du [199901095]

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztaiaren 3ko 7/1990 Legeak (106.7 artikulua) eta uztailaren 28ko 204/1998 Dekretuko azken xedapenetatik bigarrenak berariaz aurreikusten dute Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak erregelamenduz zehazten dituen irizpideak kontuan hartu beharko direla Eusko Jaurlaritzako funts ekonomiko herri-lanetako aurrekontuen ehuneko bateko aurrekontu-erreserbatik datozenak aplikatzeko.
Lege-agindu horien babesean, Kultura sailburuak 1999ko otsailaren 19an emandako Agindua argitaratu zen; agindu horren bidez, erregelamenduz garatu zen Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 106.7 artikuluan aurreikusitakoa. Lege hura aspaldi argitaratu zenez, haren 2. artikuluan jasotako irizpideak eguneratu behar dira.
Horretarako, agindu honek aplikazio-irizpide horiek ezarri nahi ditu, ahaleginak eginez bat etorri daitezen, bai Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen helburuek jasotzen dituzten printzipioekin, bai Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak euskal kultura-ondarea zaintzeko duen lan handia betetzeko egun dituen estrategiekin eta aurreikuspenekin.
Aipatutako lege-xedapenekin bat etorriz, «kulturaren ehuneko bata» esaten zaion aurrekontu-erreserbatik datozen baliabideak zuzenean erabili ahal dira haien xede diren herri-lanen ingurunean; bestela, kultura-arloko eskumena duen sailari transferitu ahal zaizkio, aipatutako xedeak betetzeko erabili ditzan. Kasu batean (zuzenean inbertituz) nahiz bestean (transferituz), xedapen honetan jasotzen diren irizpideak zuzenduko dute nola erabili funts ekonomiko horiek.
Horren ondorioz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Kultura sailburuak 1999ko otsailaren 19an emandako Aginduko 2. artikulua aldatzea (agindu haren bidez, onartu zen zer jarraibide jarraitu behar den aurrekontuen erreserbako fondoak Euskal Kultura Ondarea defendatzeko, hobetzeko, babesteko, hedatzeko eta sustatzeko erabiltzeko), eta hau dioenean:
«2. artikulua.– Irizpideak.
Aurreko atalean aipatutako aurrekontuen erreserbatik hartutako baliabide ekonomiko horiek edo diru-kopuru hori erabiltzerakoan irizpide hauek erabiliko dira, hurrengo lehentasun-hurrenkerari jarraituz:
a) Lehenik, sailkatutako monumentu-multzoetarako erabiliko da, batez ere, monumentu horiek berreskuratzeko edo, monumentuei kalte egiten dieten osagaiak kentzeko, ingurua babesteko eta ondasunen kotizazioa mantentzeko behar diren proiektuak eta ekimenak bultzatzeko, beti ere, erabili beharreko babes-araudiaren arabera.
b) Bigarrenik, hiri-dokumentuak eta beren garapen-tresnak sortzeko, errebisatzeko edo aldatzeko erabiliko dira, burutzeko proiektuak ere barnean direla, beti ere, sailkatuta, zerrendan jasota edo balizko arkeologia guneetan dauden kultura-ondasun horietan eraginona badute. Atal honetan sar daitezke honako hauek ere: hirigintza-plana egiteko beharrezko diren dokumentu guztiak, beren planimetria-osagarriak eta kultura-ondareari buruzko informazio-bilketa eta prestaketa, beti ere, aipatutako hirigintza-plana prestatzeko, errebisatzeko edo aldarazteko bada.
c) Hirugarrenik, erabiliko da industriari edo landa-munduari lotutako kultura-ondarea babesteko, edo horrela sailkatua eta zerrendan jasota dagoena babesteko erabiliko da. Kasu horretan, aipatutako kultura eta industria-ondare hori berreskuratu eta erabiltzeko proiektuei emango zaie lehentasuna.
d) Laugarrenik, Euskal Kultura Ondarea hedatzeko erabiliko da; batez ere, aipatutako kultura-ondare hori babestu beharra dagoela-eta gizartean kontzientzia sustraitu eta zabaltzeko ekimenak bultzatzeko.
e) Bosgarrenik, sailkaturiko eta zerrendan jasotako ondasunak eta beren inguruak desjabetzeko gastuei aurre egiteko, batez ere arkeologia-ondarearen kasuetan.
f) Eta azkenik, orain arte aipatutako helburuez gain, Euskal Kultur Ondarearen Legean jasotako beste edozein helburu betetzeko.»
Hau esan behar du:
«2. artikulua.– Irizpideak.
Aurreko artikuluan aurreikusten den aurrekontu-erreserbatik datozen baliabide ekonomikoak erabiltzeko, honako irizpide hauek zaindu beharko dira:
a) Monumentu-multzoak. Hala sailkatutakoak, inbentariatuak edo babeste-espedientea irekita dutenak babesteko erabiliko dira, eta berariaz izango dira kontuan honako hauek: elementu degradatzaileak berreskuratzeari edo, kasua bada, kentzeari buruzko proiektuak, ondasunen kotizazioa mantentzeko behar diren proiektuak eta ekimenak bultzatzeko lanak, eraikinak berriro erabiltzeko lanak eta arkitektura-egiturak finkatzeko lanak; betiere, erabili beharreko babes-araudiarekin bat etorriz.
b) Kultura Ondare sailkatua, inbentariatua edo babestua izateko espedientea irekia duena babesteko erabiliko dira, zehazki, landa-munduari eta industriari lotutako kultura-ondareari dagokionez, eta bereziki izango dira kontuan ondare horri balioa emateko eta berrerabiltzeko proiektuak.
c) Kultura Ondare sailkatua, inbentariatua edo babestua izateko espedientea irekia duena balorizatzeko erabiliko dira, eta bereziki izango dira kontuan: ondasuna balorizatzeko eta burutzeko premiari buruzko azterlan global batetik abiatzen diren ekimenak.
d) Sailkaturiko eta inbentariatutako ondasunak eta/edo haien inguruak desjabetzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira, haiek balorizatuak izan daitezen; betiere, ondasun horiek eta haien inguruak toki-administrazioak eskuratzen dituenean bakarrik.
e) Era berean, orain arte aipatutako helburuez gain, Euskal Kultur Ondarearen Legean jasotako beste edozein helburu betetzeko erabiliko dira.
2. artikulua.– 1999ko otsailaren 19ko aipatu aginduaren 3. artikulua aldatzea, honako hau esaten den lekuan:
3. artikulua.– Irizpideak nola aplikatu.
1.– Irizpideak aurreko atalean ikusitako lehentasun-hurrenkeraren arabera aplikatuko dira. Dena den, fondoak kultura Sailari transferitzen zaizkion kasuetan, diru horiek Sailak berak bana ditzake ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz, eta, beti ere, hurrenkera horrek berak ezarritako portzentaien arabera, alegia, lehentasuna duenari gehiago eta hurrengoei gutxiago emanez, hurrenez hurren.
2.– Jasotako diru hori herri-lanen inguruan bertan erabili behar denean, aurreko atalean aipatutako irizpide berberak hartuko dira kontuan, baina, aldi berean, herri-lanen inguruan berariaz daudenak ere aplikatuko dira, beti ere, Eusko Jaurlaritzako uztailaren 28ko 204/1998 Dekretuaren 4. atalean jasotakoari jarraituz.»
Hau esan behar du:
«3. artikulua.– Irizpideak nola aplikatu.
Euren arteko lehentasun-hurrenkerarik errespetatu gabe aplikatuko dira aurreko artikuluan jasotako irizpideak, bai kulturaren arloan eskumenak dituen sailari transferitutako funtsen kasuan, bai herri-lanetatik datozen baliabideen kasuan, haien inguruan aplikatzen direnean; betiere, Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 28ko 204/1998 Dekretuko 4. artikuluan aurreikusitakoa errespetatuaz».
3. artikulua.– Aldaketa honek eragiten ez dien gainontzeko xedapenak mantentzea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 30a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.