Eu

Eibarko Ipurua estadioa birmoldatzeko lanetarako milioi bat euro emango ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak

2018.eko abenduak 05
  • Estadioaren modernizazioak herritar guztientzat onuragarriak izango diren zerbitzuak eskaintzeko aukera emango duela nabarmendu du Bingen Zupiria sailburuak.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur bisitatu ditu, Eibar Kirol Elkarteko presidente Amaia Gorostizarekin batera, Ipurua estadioa birmoldatzeko lanak, eta lan horiek finantzatzeko Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro emango dituela iragarri du. Zupiria sailburuak adierazi duenez, Ipurua kirol-zentro “moderno” eta “irisgarriago” bat bilakatzen laguntzea da Jaurlaritzaren asmoa, herritar guztien onurarako izango diren "hainbat zerbitzu" eskainiko baititu.

Zupiria sailburuarekin eta entitateko presidentearekin batera, Jarduera Fisiko eta Kiroleko zuzendari Jon Redondo izan da bisitaldian. Euskadin lehen mailako kirol-azpiegiturak izatearen alde Eusko Jaurlaritzak egindako apustuaren barruan kokatu du inbertsio hau Zupiriak, eta herritarren onurarako emango dituen zerbitzuen garrantzia azpimarratu du. “Eusko Jaurlaritzak Ipurua modernizatzearen aldeko apustua babestu nahi du, eta zaleentzako espazio irisgarriago, erakargarriago bat bilakatu, herritar guztiek etekina atera ahal izango dieten zerbitzuak eskaintzeko gai izango dena. Iparreko harmaila berritzen hasi zirenetik ekindako lanek aukera emango dute Euskadik lehen mailako beste kirol-espazio bat edukitzeko, kirolik onena eskaintzeko eta Eibar Kirol Elkartearen proiektua sendotzeko aukera emango duen espazioa”, adierazi du.

Formaziorako guneak

Sailburuak azaldu duenez, diru-ekarpen hori bideragarria izateko, Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatuko du estadioaren titular den Eibarko Udalarekin. Hala, hitzarmen horren bitartez 1.000.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartuko du. Gainera, Eibarren kokapen estrategikoa kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzaren iritziz interesgarria da Ipuruan kirol-espazioak eta -instalazioak erabilgarri izatea interes orokorreko ekimenak bultzatzeko. Hala, Eusko Jaurlaritzak bere konpromiso ekonomikoak osorik bete aurretik, Eibarko Udalak konpromisoa hartzen du erabilera horiek bermatzeko behar izango diren dokumentu publiko edota pribatu guztiak formalizatzeko. Hortaz, Udalak konpromisoa hartuko du espazioak (aretoak, bulegoak, lokalak…) Eusko Jaurlaritzaren eta Basque Team Fundazioaren eskueran jartzeko, prestakuntza-funtzioak betetzeko eta bilerak egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren inbertsioari esker Ipuruako mendebaldeko harmaila birmoldatzeko lanen zati bat ordainduko da. Ipar eta ekialdeko harmailak berritu ondoren, mendebaldekoa birmoldatzeko lanekin amaituko dira erreforma-beharrak Ipuruan. Klubetik aurreikusten dutenez, lanak 2019-2020 denboraldiaren hasierarako amaituta egon litezke.

Mendebaldeko harmailak lehen soto bat izango du eta parking bat izango du kalearen parean, han izango da partidu egunetarako behar den azpiegitura guztia. Mendebaldeko harmailaren hurrengo solairua izango da jokalari eta teknikarien aparkalekua jasoko duen solairuartekoa; han izango da, baita ere, logistika kontuetarako zonalde bat. Solairu bat gorago gimnasio berria izango. Harmaila berriak hiru sarbide izango ditu, bat Santaines kalean eta beste biak zelai berriaren kale paraleloetan. Eraikin berriak, halaber, bi taberna eta zerbitzu berriak izango ditu. Ipuruan egiten ari den birmoldaketaren ostean, 8.050 lagun sartu ahal izango dira, lanak hasi aurretik baino ia 1.000 gehiago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak