Berriak Lehendakaritza
Eu

Josu Erkorekak: “Paradoxikoa da hauteskunde autonomiko batzuetan mezu anti-autonomistak hain agerraldi nabarmena izatea”

2018.eko abenduak 04

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak prentsaurreko bat eman du gaur goizean aktualitateko gaiei buruz.

Joan den igandean Andaluzian izandako hauteskundeak direla-eta, Erkoreka sailburuak bere kezka adierazi du hauteskunde autonomikoak izanda mezu anti-autonomistak izandako hain agerraldi nabarmenaren aurrean. “Kezkatu egiten gaitu”, zehaztu du. Hala, gogora ekarri duenez, VOX bezalako muturreko eskuineko alderdi batek botoen % 10 lortzen duen aurreneko aldia da, kontuan hartuta gainera indar handiz sartzen dela Parlamentu batean, eta emaitza horiek aldaketa bat adierazten dute Andaluzian. Testuinguru horretan, Erkorekak azaldu duenez, VOX fenomenoa berria da Estatuko esparru politikoan; ez, ordea, Europaren testuinguruan. Hala, Eusko Jaurlaritzako sailburuak adierazi duenez, Andaluziako gobernagarritasuna zailago ikusten da, PSOE eta PP batzea aukeratzean bakarrik egongo litzatekeelako gehiengoa bi alderdiren artean.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Erkoreka sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza egonkortasun instituzional handiagoaren aldekoa dela, eta bere nahia adierazi du Espainiako Gobernu honekin lanean jarraitzeko egiteko dauden transferentzien egutegian.

AURREKONTUAK

Bestalde, EH Bildurekiko negoziazioari buruz galdetuta 2019rako Aurrekontuak direla-eta, sailburuak adierazi duenez negoziazioak zabalik jarraitzen du oraindik. “Eusko Jaurlaritzaren ustez garrantzizkoa da onetsitako aurrekontu bat izatea eta lanean ari gara EH Bildurekin hori posible izan dadin”, azpimarratu du.

GAZTELUETA

Gaztelueta kasuari dagokionez, Josu Erkoreka sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzaren ustez ikastetxeko zuzendaritzaren deklarazioak desegokiak izan ziren. “Ulertzen dugu familiari hitz horiek eragindako oinazea”, gaineratu du. Ikastetxearen kontra familiak izan duen erreakzioari buruz galdetuta, Erkoreka bozeramaileak gogora ekarri duenez ez litzateke legezkoa izango Hezkuntza Sailetik erabakitzea ituna indargabetzea ikastetxeak hezkuntzako kontzertuak arautzen dituen legean ezarritakoa betetzen duenean. Gainera, adierazi duenez, ez litzateke bidezkoa izango ikastetxean matrikulatutako ikasleentzat.

TRANSFERENTZIAK

Gaur goizeko prentsaurrekoan heldu zaien gaietako bat izan da joan den astelehenean, azaroaren 26an, Gobernu Zentralarekin Bilbon adostutako Transferentziena. Zehazki, Erkoreka sailburuak jakinarazi duenez, Estatuko eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialek bihar, asteazkenean, batera argitaratuko dute Transferentzia Batzorde Mistoaren akordioak biltzen dituzten bi dekretuetatik bat: errepideen arloko eskumena zabaltzen duen dekretua. “Armiñon eta Burgos arteko AP-1en azkeneko bide-zatiaren titulartasuna, funtzioak eta zerbitzuak gureganatu ditugu”, zehaztu du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu duenez, transferentzia hau aurreneko pausoa da Gernikako Estatutua bete dadin. “Balio kualitatiboa du, zeren eta, zazpi urteren buruan, komunikazio-kanal egonkor eta oztoporik gabeko bat irekitzea baitakar, eta horrek eramango gaitu gure azken helburura: hemendik gutxira 40 urte beteko dituen Lege organiko bat bere osotasunean betetzea”, nabarmendu du. Hala, ziurtatu duenez, akordio hori dela-eta sendotu egin da elkarraldirako, elkarrizketarako eta elkar aditze positibo baterako espazio bat bi aldeentzat.

RENÉ CASSIN SARIA

 Heldu zaion beste gai bat René Cassin Sariari buruzkoa izan da. Erkoreka sailburuak azaldu duenez, René Cassin Sariaren epaimahaiak adostu egin du “ex aequo” Saria José Palazón aktibistari eta Juan José Aguirre misiolariari ematea. “Biek ematen dute beren bizitza pertsona ahulenak defendatzen eta esklusioaren, aditu ezinaren, gaixotasunaren, bazterketaren, hondamendi ekonomikoaren, bakardadearen eta jazarpenaren aurrean borrokatzen”, adierazi du.

Erkorekak jakinarazi duenez, Iñigo Urkullu Lehendakariak emango du saria datorren astelehenean, abenduaren 10ean, “Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean”

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)