Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak VOST Euskadi boluntariotza digitalaren lana aintzatetsi du 112 Telefonoaren Europako Egunean

2017.eko otsailak 10

2016an, larrialdi-telefonoan ia 900.000 deiri eta 195.000 gorabeherari erantzun zitzaion

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, bihar ospatzen den 112 Telefonoaren Europako Egunarekin bat eginik, jendaurrean aintzatetsi du larrialdien arloan VOST Euskadi elkarteko boluntario digitalek egindako lana.

VOST Euskadik 2012an hasi zuen bere bidea, eta munduko VOST taldeen koalizioko kidea da, baita Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkarte Nazionaleko kidea ere.

VOST Euskadi hainbat taldez osatuta dago; talde horiek guztiek larrialdietako zerbitzuen sare sozialetako eta Interneteko kontuak eusten eta bultzatzen dituzte. Mezuak hedatzen eta, batik bat, gezurrak eta zurrumurruak hautematen eta neutralizatzen dituzte, informazio ofiziala irisgarriagoa eginez.

Horretarako, VOST Euskadik informazioaren entzute aktiboa egiten du; informazioa kontrolatzen du eta, gero, larrialdiaren nondik norakoen araberako bitartekoen bidez egoki hedatzen du. Nolanahi ere, informazioaren kontrol hori larrialdiaren, segurtasunaren eta gizarte-babesaren arlora mugatzen da.

Segurtasun Sailak 2015eko otsailean lankidetza-hitzarmena sinatu zuen VOST Euskadirekin, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak sare sozialen bidez bideratzen dituen autobabeserako mezuak indartzeko.

112 telefonoaren balantzearen berri emateko deitutako prentsaurrekoan, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak VOST Euskadi elkartea goraipatu du. Elkartea “ezinbestekotzat” jo du XXI. mendeko babes zibilaren esparruan, Internetek eta sare sozialek gero eta garrantzi handiagoa baitute komunikazio prebentiboan:

“Telefono-zerbitzuaren eta sare sozialen erabileraren arteko itunari Europako Egunak larrialdiei aurre egiteko ematen dion garrantziaren ildotik, nabarmendu eta aintzatetsi nahi izan dugu VOST Euskadiren lana eta alor horretan egiten duen zerbitzua” adierazi du Segurtasun Saileko arduradun nagusiak. Ekitaldian lagun izan ditu Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria, eta Luis Alberto Fernández González VOST-Euskadiko arduradunetako bat.adierazi du Segurtasun Saileko arduradunak. Ekitaldian lagun izan ditu Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria, eta Luis Alberto Fernández González VOST-Euskadiko arduradunetako bat.

Erantzundako deiak eta gorabeherak

Prentsaurrekoan 112 telefonoaren jarduera-balantzea azaldu da. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren mende dagoen zerbitzu horrek, 2016. urtean, guztira 876.865 deiri eta 194.669 gorabeherari erantzun zion —2015. urteko kopuruen antzekoak (987.553 dei eta 189.599 gorabehera izan ziren 2015ean)—.

Aurreko urteetan bezalaxe, gorabehera horietako gehienak lotuta zeuden larrialdi medikoekin (% 23,37), bide publikoan hautemandako arriskuekin (% 19,40), pertsonen istripuekin (% 14,85), herritarren segurtasunarekin (% 14,23) eta trafiko-istripuekin (% 11,76).

Lurraldeen arabera, Bizkaian guztira 94.361 gorabeherari erantzun zitzaion (2015ean 93.762), Gipuzkoan 66.584 gorabeherari (2015ean 63.516) eta Araban 33.724 gorabeherari (2015ean 32.321).

Erantzundako deiei dagokienez, Bizkaian 484.020 dei izan ziren (2015ean 551.114), Gipuzkoan 264.815 dei (2015ean 296.196) eta Araban 128.030 dei (2015ean 140.243).

Larrialdietako deiei eta gorabeherei erantzuteko eta kudeatzeko ardura duten SOS Deiak koordinazio-zentroek egindako lana nabarmendu du Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak. “112 larrialdietako telefonoa funtsezko tresna da Larrialdietako Euskal Sistema Publikoan, eta hala ikus daiteke egunero gertatzen diren arriskuko, segurtasun-gabeziako edo larrialdiko egoeren ondoriozko gorabeheretan” eman du aditzera Segurtasuneko sailburuak.

112 zerbitzuaren Europako Eguna

Europar Batasun osoan otsailaren 11n ospatuko da 112 Larrialdietako Telefonoaren Europako Eguna (2. hileko 11. egunean).

Ospakizun horren helburu nagusia da herritarrei gogoraraztea 112 telefonoa aktibo dagoela Europar Batasuneko estatu guztietan, eta telefono-kabina batetik, telefono finko batetik zein telefono mugikor batetik marka daitekeela.

Oraingoan, larrialdiei aurre egiteko garaian Internetek eta sare sozialek duten gero eta garrantzi handiagoa nabarmendu nahi izan da.

Euskadin 1998ko martxoan jarri zen abian 112 telefonoa, Europak larrialdietarako telefono komun bat ezartzeko hartutako erabakiari jarraituta —112 telefonoak 1983an ezarri zen 088 telefonoa ordezkatu zuen—.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko otsailak 10

    Comentario de Twitter:
    Irekia: RT Gob_eus: Segurtasun Sailak VOSTeuskadi boluntariotza digitalaren lana aintzatetsi du 112 Telefonoaren E… https://t.co/rmZvYtEjZz

  • @ConsejeroD7
    2017.eko otsailak 10

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: Segurtasun Sailak VOSTeuskadi boluntariotza digitalaren lana aintzatetsi du 112 Telefonoaren Europako Egu… https://t.co/ddKH3F0oA6

  • @ConsejeroD7
    2017.eko otsailak 10

    Comentario de Twitter:
    Irekia: RT Gob_eus: Segurtasun Sailak VOSTeuskadi boluntariotza digitalaren lana aintzatetsi du 112 Telefonoaren E… https://t.co/ddKH3F0oA6

  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko otsailak 10

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: Segurtasun Sailak VOSTeuskadi boluntariotza digitalaren lana aintzatetsi du 112 Telefonoaren Europako Egu… https://t.co/rmZvYtEjZz

  • @Gob_eus
    2017.eko otsailak 10

    Comentario de Twitter:
    Segurtasun Sailak @VOSTeuskadi boluntariotza digitalaren lana aintzatetsi du 112 Telefonoaren Europako Egunean ➡ https://t.co/dra1PB5n9P

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Alberto Fernández, VOST_Euskadi elkarteko arduraduna