Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
qrcode

Cristina Uriartek hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida-Plana aurkeztu dio hezkuntza komunitateari

2013-10-30

 

  • Gida-Planak diskriminazio eta genero indarkeria mota guztien kontra heziko duen eskola eredua du helburu
  • Euskadi aitzindari da berdintasun eta genero-indarkeriaren kontrako politiketan, sailburuak baieztatu duenez

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida-Plana aurkeztu du Bilbon. Berak zuzentzen duen Sailak gidatu eta burutu duen plan hau, hezkuntza eta berdintasun arloetako eragileekin lankidetzan egin da, eta Uriartek azaldu duenez, 2012-2016 Gobernu Egitasmoaren baitan kokatzen da.

Emakunderen Berdintasun gunearen barnean kokatutako aurkezpen ekitaldian, Euskadi berdintasun eta genero-indarkeriaren kontrako politiketan aitzindari dela nabarmendu du Uriarte sailburuak. "Alde horretatik, beharrezkoa da esparru horretan egindako lan eta ahaleginak aitortzea: herritar eta norbanakoek egindakoa, erakundeek, emakumeen elkarteek, ikastetxeek, nahiz irakasleek egindakoa", azaldu du, baina berdintasun politiketan aurrera egiten jarraitzea zein den garrantzitsua ere gogorarazi du.

Gida-Planak zein eskola eredu duen helburu ere azaldu du Cristina Uriartek. "Hezkidetza eredua bultzatzen duen eskola, pertsonen garapen osoa bideratzen duena, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak albo batera uzten dituena, diskriminazio eta genero indarkeria mota guztien kontra egiten duena" azaldu du, eta segidan gehitu: "Ikasketak eta lanbidea aukeratzerakoan sexuaren arabera orientatzen ez duena, eta hori guztia, hezkuntza erkidegoko pertsona guztien partehartze eta laguntzarekin".

"Ikastetxeen testuinguruan errotik atera beharko genuke indarkeria" esanez jarraitu du Uriartek. "Egunerokotasunetik, gelatik, atsedenalditik, patio, jolas eta abar luze batetik erauzi beharko genuke, inolako salbuespenik gabe. Horixe dugu jomuga". Indarkeria horren barruan,neska-mutilek euren sexu-orientazioagatik pairatu behar izaten duten bazterkeria ere mintzagai izan du sailburuak. "Generoak agintzen duena jarraitzen ez duten neska-mutilek, gizarteak dioen moduan agertzen ez direnek, bazterkeria jasaten dute, eta eraso fisikoak ere bai maiz".

Sentsibilizazioa eta prebentzioa

Indarkeria kasu horien aurrean, Gida Planak "erantzun integral bat, osoko erantzuna eman beharra" proposatzen du. Erantzun integral horrek, funtsezko bi zutabetan du oinarria: sentsibilizazioan eta prebentzioan batetik, eta biktimen arretan eta babesean, bestetik. Cristina Uriartek, hezkuntza sistemak genero indarkeriaren aurreko sentsibilizazioan eta prebentzioan duen zeresana nabarmendu nahi izan du. "Hezkuntza komunitatea ezinbesteko elementua da haur eta gazteen formazioan. Horregatik, nahitaezkoa da genero indarkeriaren kontrako borrokan eragile aktibo izatea. Sentsibilizazioari eta prebentzioari bai esaten diogu, jatorrian sexismoa duen edozein indarkeria mota garaiz antzemateko balioko duten neurri eta ekintzak martxan jartzea ere badakarrelako horrek".

Amaitu baino lehen, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak gogorarazi du, gaur aurkeztu den Gida-Plana aurrera eramateko eta emaitza onak lortzeko "gizarte guztiaren lankidetza behar dugu", eta zera gaineratu du: "garrantzitsua da guztion artean eskolak leku seguru bihurtzea, prebentzio lana egingo duten leku, edozein indarkeria mota garaiz antzemango dutenak, ezer gertatuta ere bizkor eta egoki erantzungo dutenak, eta arrazoien bila joko dutenak".

Azkenik, egindako lana eskertu die irakasleei eta hezkuntza komunitate guztiari. "Zeuek zarete -esan die- hezkuntzako profesionalok, egitasmo hau aurrera eramateko zutaberik garrantzitsuenak, erronka honetan aurrera egiteko eragilerik eraginkorrenak. Ezinbestekoak zarete", esan die amaitzeko.

 

 

Bilbon, 2013ko urriaren 30ean

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @Jaionesm
    2013-10-30

    Comentario de Twitter:
    Cristina Uriarte presenta el Plan Director para la coeducación y la prevención de la violencia de género ante la... http://t.co/d0Oko57Bb2

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)