Bi futbol klubek, beren erantzukizun sozialari jarraiki, goi mailako euskal kirola bultzatzeko apustua egin dute eta ekonomikoki lagunduko dute proiektua
Basque Team Fundazioak bi bidelagun berri izango ditu goi mailako euskal kirola babestu, sustatu eta hedatzeko bere helburuari begira: Athletic Club eta Eibar Kirol Elkartea. Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk 2007an sortu zuten Fundazio honek lankidetza akordio bat sinatu du bi entitateekin eta, horren arabera, entitate hauen laguntza ekonomikoa izango du bere helburuak lortzeko. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak eta Amaia Gorostiza Eibar Kirol Elkarteko presidenteak aurkeztu dute, goizean, hitzarmena.